"Forjarien kanta" musikalerako sarrerak salgai jarri dituzte

"Forjarien kanta" musikalerako sarrerak salgai jarri dituzte
2017/09/13 08:52 eta kitto!
Azaroan "Forjarien Kanta" musikala ikusteko gogoarekin gelditu zirenek irailaren 29an horretarako aukera paregabea izango dute. Izan ere, egun horretan, 20:30ean, berriro ere Coliseo Antzokiko taula gainean izango ditugu Eibarko Koru Gaztea-ko abeslariak. Elena Martinek zuzentzen duen Eibarko Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako Koru Gaztearekin batera, Eibarko Musika Bandako zenbait kidek eta  Musikeneko ikasleek osatutako Forjarien Banda izango da. Musikene Euskal Herriko goi mailako musika-ikastegiko ikasleen partehartzea da aurtengo musikaleko berrikuntza nagusia. Kantua, zuzeneko musika, elkarrizketak eta dantzak nahasten dituen ikuskizuna da "Forjarien Kanta".  Gidoia Juanma Canok idatzi du eta interpretazio arloan Maite Lorenzok eta Juanma Canok berak lagundu dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude Coliseoan eta Kutxabank-en webgunean. Sarrerak 8 euro balio du (6 euro Coliseoko lagunentzat).

"Forjarien Kanta" musikalean mundu mailako musikalik ospetsuenen kantu ezagunak berreskuratu dituzte. Hala ere, eibartarron espiritua islatzen duen Musikala da:  “Eibar, 80. hamarkada. Herriko enpresa bat ixteko arriskuan dago. Langabeziaren mehatxuaren aurrean, langileek enpresaren errentagarritasuna aldarrikatu eta irtenbide bat  aurkitzen ahaleginduko dira. Langileek eurek firmaren jabetza eskuratzeko beharrezko dirua biltzeko musikal bat oholtza gainera ekartzea baliogarria izan daiteke. Kalera bota aurretik konponbideren bat aurkitzea lortuko ote dute?”.

Koru Gazteko kideek azaldutakoaren arabera, "80 hamarkadako gauzak,  izenak, erreferentziak agertzen dira. Beraz, garai hartako Eibar ezagutu zutenentzat hunkigarria izango da. Gazteek ere ondo pasatuko dute, kantuak gustukoak izango dituztelako". Hemen daukazue aurkezpen-bideoa: https://www.facebook.com/search/top/?q=eibarko%20koro%20gaztea