Gaur arratsaldean ekingo zaio 47. Euskal Jaiko asteburuari, Kalian Jolasian

Gaur arratsaldean ekingo zaio 47. Euskal Jaiko asteburuari, Kalian Jolasian
2012/05/25 00:00
eta kitto!

Euskal Jaiak beteko du asteburua eta, egitarauari jarraituta, gaur 17.00etatik aurrera (19.00ak arte) Untzaga plazan Kalian Jolasian egongo da martxan, 5-8 urte bitarteko haurrek eta gurasoek jolasean jarduteko aukera izan dezaten.
Udaletik aditzera eman dutenez, "azken ikasturtean, ikastetxe guztiekin adostuta, hainbat jolas landu dira Haur Hezkuntzako 3. mailako umeekin eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako umeekin: soka saltoan egitekoak, baloiarekin jolastekoak, esku-jolasak, igarkizun jolasak, lerrokaketan jolastekoak... Egitasmoaren helburua jolas giroan euskaraz ere jardutea da,  euskara modu informalean eta naturalean erabiltzea, eta, horrekin batera, beste edozein hizkuntzatan moduan euskaraz ere gozatzeko eta ondo pasatzeko aukera ematen diguten orotariko jolasak badaudela ikustaraztea". Kalian Jolasian garatzeko orduan Udalak, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolak, Klub Deportiboak eta Eibarko ikastetxe guztiek hartu dute parte eta ekitaldiaren koordinazioaz Astixa arduratuko da. 
Euskal Jaiaren aitzakiarekin, gaur ikasturtean zehar ikastetxeetan landutako jolas horiek kalera atera nahi dituzte. Jolasak amaituta, kalejira egingo dute.