Gaur aurkeztu dute urriaren 5ean Eibarren egingo den XXVI Sagardo Eguna

Gaur aurkeztu dute urriaren 5ean Eibarren egingo den XXVI Sagardo Eguna
2019/10/02 eta kitto!
https://youtu.be/HGuz5XLZL7s

Urriaren 5ean,  larunbat honetan,  ospatuko da Eibarren XXVI. Sagardo Eguna, ...eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik.  Sagardo Batzordeko Anartz Mitxelenak eta Ekaitz Olaizolak gaur arratsaldean aurkeztu dute jaiaren inguruan egongo den egitarau zabala. 12:00etan emango zaio hasiera sagardoaren jaiari, Untzaga plazan, adar jotzaileekin, irrintziarekin eta sagardoa banatzen jaduten duen lantaldearen txotxarekin. Hori baino lehen, Esther Galartzak egindako oroigarria jasoko du Aitor Gorosabelek. Aurtengo  Sagardo Egunak, beraz, badu berritasunik. "Euskeraren alde egindako lana aitortzeko plaza polita dela pentsatu dugu eta horrela egingo dugu, bai aurten eta baita hurrengo urteetan ere", adierazi dute Sagardo Batzordeko kideek. Euskeraren aldeko jarrera, euskeraren alde egindako lana eta euskalzaletasuna saritu eta aitortuko ditu …eta kitto! Euskara Elkarteak, Sagardo Egunean. "Osagai guzti horiek betetzen ditu bete-betean Aitor Gorosabelek eta bera izango da aurtengo saritua. Euskalzale amorratua, euskera gaiekin oso inplikatua, eta aktiboa, eta laguntza eskatzen zaion bakoitzean beti prest, eta pozarren gainera".

13 sagardotegitako sagardoa banatuko da: Alorrenea, Altzueta, Barkaiztegi, Begiristain, Egi-Luze, Gartziategi, Gaztañaga, Gurutzeta, Isastegi, Olaizola,  Zelaia eta Zapiain.

Sagardoa eguerdiko 12:00etan hasita 14:30ak arte eta arratsaldean 19:00etatik  amaitu arte banatuko da.  6 euroren truke zapia, txorizo edo gazta pintxoa eta basoa eskuratuko dira sagardoa dastatzeko. Eguerdian, 12:00etan txotx egitearekin batera hasiko da jaia, eta orduantxe hasiko dira tiketak saltzen. Tolaretik irteten den muztioa probatzeko aukerarik ez da faltako aurten ere, eta Baztan inguruko sagardogileek erabiltzen zuten kirikoketa nola erabiltzen zuten erakutsiko dute. Hori guztia txalapartarien eta Marisol Arrillagaren soinujoleen doinuez lagunduta. Txikienentzako jolasak ere egongo dira.

 

Sagar-tarta lehiaketa
Antolatutako ekitaldi desberdinen artean sagar-tarta lehiaketa egingo da aurten ere. Iazkoa lehenengo edizioa izan zen eta sagardo egunaren 25. urtemugarekin  bat etorri zen. Arrakasta itzela izan zuen, 30 sagar-tarta inguru aurkeztu ziren eta aurten berriro egitea erabaki dute eta kitto! Euskara Elkarteko sagardo batzordeko kideek.
Lehiaketa  eguerdian egingo da eta 16 urtetik gorako edozeinek hartu ahal izango du parte. Tartak etxetik ekarri beharko dira prestatuta eta Untzagan aurkeztuko dira (parte-hartzaile bakoitzeko bat) 12:30etik 13:00etara bitartean (tolarearen ondoan). Gutxienez 4 raziokoa izango da. Epaimahaiak aurkezpena, testura eta zaporea hartuko ditu aintzat, eta sariak egunean bertan banatuko dira: 150
(1. saria), 100(2. saria) eta 50(3.saria). Epaimahaikideak Mireia Alonso sukaldaria, San Andres gozotegiko Aitor Cano, Ermuko Gorrotxategi gozotegiko Maite Gorrotxategi eta Fernando Mendez (herritarren ordezkari moduan) izango dira. Antolatzaileen esanetan, ” aurkeztutako sagar-tartak …eta kitto! Euskara Elkartearentzat izango dira eta lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek onartzen direla eta epaimahaiaren erabakia onartzen dela esan nahi du“.


Sagar-tarta lehiaketaren bigarren edizioa egingo da larunbatean, Sagardo egunaren baitan

Aurten ere #sagardoetakitto Instagram lehiaketa egingo dugu. Saria: 12 sagardo-botila
Aurrekoetan bezala, aurte ere Instagram lehiaketa egingo dugu Sagardo Egunean ateratako argazkiekin. Lehiaketaren oinarriak:
1- @gaztekitto Instagram kontuaren jarraitzaile izan.
2- Eibarko Sagardo egunean ateratako argazkiak igo Instagramera, #sagardoetakitto traola erabiliz.
3- @gaztekitto etiketatu.
Argazki originalenaren egileak  sagardotegietako botila bana jasoko du.

https://www.youtube.com/watch?v=1WohYxzkMCc