Gaur emango zaio hasiera Debabarreneko Eskola-Antzerki Erakustaldiari

Gaur emango zaio hasiera Debabarreneko Eskola-Antzerki Erakustaldiari
2023/05/02 eta kitto!
Gaur hasita eta hilaren 24ra bitartean, sei antzezlan eskainiko dituzte Coliseo antzokian Debabarreneko Eskola-Antzerki 38. Erakustaldiaren barruan. Antzezlan guztiak euskaraz izango dira eta, Eibarko BHIko antzerki-taldeaz gain, Irene Hernando eta Nerea Ariznabarreta aktore eibartarrak eszenatoki gainean egongo dira.

Coliseon ikusgai egongo den lehen antzezlanak ‘Arrainak Bihotzean’ du izenburua. 15:00etan hasiko da eta Haur Hezkuntzako (4 eta 5 urteko gelak) eta Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako ikasleei zuzenduta dago. Eibarko Antzerki Jardunaldien azken edizioan antzeztu zuten lana, eta harrera ona izan zuenez, Eskola-Antzerki Erakustaldira ekartzea erabaki da.

Hurrengo saioa eguenean edukiko dugu, hilaren 4an, Gorakada taldearen eskutik. ‘Kelonia eta itsasoa’ izeneko lana eskainiko dute 15:00etan, Coliseo antzokian, eta LH-ko 1., 2. eta 3. mailakoei zuzenduta dago. Quelonia dortoka txikiaren bizitzari buruzko obra da eta abesti-itxurako istorio honek adiskidetasuna eta biziraupena ditu hizpide: Keloniak bere lekua bilatu nahi du batzuei mesede eta beste batzuei kalte egiten dien mundu batean.

Hirugarren antzezlana hilaren 9an emango dute, datorren martitzenean, eta Benetanbe taldearen ‘Batetik bestera’ obra egongo da ikusgai. Saioa Coliseoan emango da, 15:00etan, eta Lehen Hezkuntzako 1., 2., eta 3. mailako ikasleentzat da. Umorezko ikuskizuna da, eta giza migrazioei buruz hitz egiten da hegaztien migrazioen bidez.

Programak ‘Tren Geltokia’ lanarekin egingo du aurrera. Antzezlanaren lau saio eskainiko dituzte, horietako bi maiatzaren 10ean (10:00etan eta 19:00etan) eta beste biak 12an (10:00etan eta 12:00etan). Andrea Covadonga eibartarrak idatzitako eta zuzendutako lana da eta Eibar BHIko 32 ikaslek hartuko dute parte bertan.

Hilaren 11an 'Katagorriaren elezaharra' antzeztuko du Labaldufa antzerki-taldeak, Lehen Hezkuntzako 1., 2., eta 3. mailako ikasleentzako obra. Coliseoan izango da, 15:00etan. Antzezlan horretan, Kirikino handia bakean bizi da, patxadaz, haritz handi baten itzalpean, eta bere ingurukoak zaintzen ditu, bere mundu-zatitxoaz gozatzen duen bitartean; baina, halako batean, bake hori asaldatu egingo da katagorri bat iristean.

Erakustaldiarekin amaitzeko, hilaren 24an ‘Harri salda’ lana antzeztuko dute Coliseon, 15:00etan, 1., 2. eta 3. mailako ikasleentzat. Harri salda’ bere herrialdetik ihes egin behar duen neskato baten istorioa da, egun batean zerua, kometen ordez, hegazkinez betetzen delako. Bidaia luze baten ondoren, leku ezezagun batera iritsi da. Itxura batean, leku horretan, mundu guztiak du denetik, baina inork ez du berarekin ezer partekatu nahi.