Gaurtik aurrera erosi daitezke hilak 10ean Astelena frontoian egingo den Eibar Kantuan jaialdirako sarrerak

Gaurtik aurrera erosi daitezke hilak 10ean Astelena frontoian egingo den Eibar Kantuan jaialdirako sarrerak
2023/06/02 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute Eibar Kantuan, datorren asteburuan Astelena frontoian egingo den musika jaialdia Jon Iraola jarduneko alkateak, Patxi Lejardi Kultura eta Festetako jarduneko zinegotziak eta parte hartuko duten talde eta bakarlari guztien lana koordinatzeaz arduratu den Iraide Ansorena Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako zuzendariak. Ekainaren 10ean (zapatua) izango den ekitaldia 22:00tan hasiko da, eta adin guztietako 150 partaide inguru bilduko ditu. Sarrerak gaur arratsaldean bertan hasi dira saltzen, 5 eurotan, Coliseo antzokiko leihatilan (gaur eta astelehenean, 17:30etik 19:30era), baita Kutxabanken ere. Sarreren salmentari esker lortzen den dirua Elikagaien Bankuarentzat izango da.

San Juan jaien egitarauaren barruan antolatu duten jaialdian habanerak eta Hego Amerikako doinuak abestuko dituzte, Eibarko betiko kantu ezagunetako batzuekin batera. Parte hartuko duten taldeak hauek dira: Juan Bautista Gisasola Korua, Eibarko Koro Gaztea, Sostoa Abesbatza (hiru hauek Juan Bautista Gisasola Musika Eskolan integratuta daude), Unzaga Abesbatza (Untzagako Jubilatuen Elkartekoa), Kaleetan Kantuz, Trio Medianoche, Voces y Cuerdas, Ustekabe Txaranga, Los Camperos eta Jose Luis Badiola.

Iraide Ansorenak nabarmendu duenez, “dagoeneko gurekin ez dauden eta 'Eibar Kantuan'  jaialdiaren aurreko edizioetan parte hartu zuten pertsona guztiak omendu nahi ditugu. Jaialdia berpiztea da asmoa, ahanzturan erori gabe, baina orainaldian zentratuz”.