Hainbat jarduera izango dira hurrengo egunetan haur liburuaren nazioarteko eguna ospatzeko

Hainbat jarduera izango dira hurrengo egunetan haur liburuaren nazioarteko eguna ospatzeko
2018/04/04 eta kitto!
1967. urtetik, apirilaren 2an, Hans Christian Andersen danimarkar idazlearen jaiotegunean hain zuzen, IBBYk (The International Board on Books for Young People )  Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen du, haur eta gazteentzako kalitatezko liburuak bultzatzeko, eta gazteenen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko. Eibarko umeen liburutegian hainbat ekintza antolatu dira datozen egunetarako:

•    Apirilak 5. 11:00 – 13:00
“Liburu tolesgarria” tailerra

Tailer honetan liburu txiki bat egingo dute. Zabaltzean, akordeoi moduan tolestutako orri luze bat agertuko da, alde batetik poltsiko moduko tolesdura bat izango duena. Orri horren alde batean ipuin batzuen hasierak txertatuko dituzue eta bakoitzak amaiera bat emango dio.

•    Apirilaren 2tik ekainera
Li(buru-hausgarriak) lehiaketa
L.H.ko 2. mailatik aurrerakoentzat da. Lehiaketa hau klasiko bat bihurtu da liburutegiko erabiltzaile gazteenen artean. Aurtengoa 9. edizioa da. Liburuak irakurri eta gero, buru-hausgarri baten piezak lortzen dira Eibarri buruzko galdera batzuei erantzunez. Puzlean agertzen den irudia zeri dagokion asmatu behar dute.

•    Apirilaren 16a arte
“H.C. Andersen-en ipuin bat komikian” lehiaketa
Lehen Hezkuntzan edo Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan dauden irakurle guztiek har dezakete parte.
Oinarriak:
Parte hartzaileak irakurri duen eta bereziki atsegin duen Andersenen ipuin bat hautatu beharko du. Ipuin horren komikia marraztu beharko du, honen binetak eginez. Komikiak gutxienez 4 eta gehienez 12 bineta izango ditu. Komiki baten formatua izan beharko du: bunbuilo edo bokadiloak, epigrafe edo goiburuak eta abar. Eta guztira, gehienez, hiru folio (Din-A4) hartuko ditu. Lanak bakarka edo taldean aurkeztuko dira Umeen Liburutegian.
Kategoria bakoitzeko sari bat emango da:
•    Lehen irakurleak (Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. maila)
•    Irakurle aurreratuak (Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. maila)
•    Super-irakurleak (Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. maila)

•    Apirilak 28, 18:00
Zapatuko ipuina
Umeen liburutegian
4 urtetik gorako umeentzat
Maite Arrese. Yogipuinak

BATASUNA da YOGA hitzak esan nahi duena. YOGAk ETA IPUINek "bat" egiten dute publiko familiarrari zuzendutako saio honetan.
Saioari hasiera emateko YOGA zer den azaltzen die Maite Arresek haur zein helduei doi-doi, eta segidan, ipuin pare bat kontatzen ditu. Aurrera eginez, ipuinak baliatuko ditu yogako "asana" (jarrera) desberdinak egiteko: arnasketa gogoan hartuz, emozio desberdinei erreparatuz, eta nola ez, muskuluak eta artikulazioak landuz. Saioaren amaieran, erlaxazio labur bat eta azken ipuina, desioen inguruan.