Hainbat kalejira egingo dira gaur, Santa Ageda bezperan

Hainbat kalejira egingo dira gaur, Santa Ageda bezperan
2020/02/04 08:46 eta kitto!
Ohitura zaharrari jarraituta, gaur, Santa Ageda bezperan,  herriko hainbat talde kalejiran irtengo dira Siziliako martiriaren omenezko koplak kalerik kale kantatzera. Azken urteotan bezala, aurten ere …eta kitto! Euskara Elkarteak santaeskea egingo du. Horretarako, 17:00etan hitzordua ipini dute elkartearen egoitzan (Urkizu, 11 solairuartean), kalera irten aurretik entsegua egiteko. Kalejira, berriz, 17:30ak aldera hasiko dute, Eibarko Kantuzaleak taldekoek lagunduta, eta Urkizu inguruan ibiliko dira. Amaieran, berrindartzeko, mokadutxoa eskainiko zaie parte hartzen duten guztiei. Juan Bautista Gisasola musika eskolako ikasle eta irakasleek ere kalejira egingo dute, 17:00etatik aurrera, baina Portalea ingurutik abiatuko dira kantuan. Kaleetan Kantuz taldekoak, berriz, 18:00etan abiatuko dira, Urkizutik. Eta Sostoa abesbatzaren kalejira 20:00etan hasiko da. Koskor taberna aldameneko eskaileretan denak elkartu eta gero, Urkizura jaisten joango dira, ohiko ibilbideari jarraituta (Kultu, Ibarkurutze, Urkizu).