Herri ekimeneko euskal hedabideek diagnostikoa aurkeztu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari

Herri ekimeneko euskal hedabideek diagnostikoa aurkeztu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari
2012/05/18 eta kitto!

Aurreko asteotan Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundian egindakoaren bidetik, herri ekimeneko euskal hedabideetako ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu dute gaur azken urtean egindako sektorearen inguruko diagnostikoa.
Xabier Letona Argiako zuzendaria, Iban Arregi Berria taldeko hedabideen arduraduna eta Inazio Arregi Tokikom-eko zuzendaria Martin Garitano ahaldun nagusiarekin eta Zigor Etxeburua euskarako zuzendari nagusiarekin bildu dira, hedabideen sektorearen diagnostikoa eta erronkak jasotzen dituen txostena azaldu eta aurrera begirako asmoen berri emateko. Tartean, hedabideek gonbitea luzatu diote Aldundiari hedabideekin eta beste erakundeekin batera hausnarketa-mahai bateratua eratzeko, sektorearen aurrera begirako estrategiak eta lan ildo nagusiak elkarrekin adosteko. Hedabideen ordezkariek nabarmendu dutenez, Gipuzkoak pisu espezifiko berezia dauka sektorearen jardueran, bertan kokatuta baitaude esparruko eragile gehienak.  Hori dela eta, erakunde foralak "zeresan handia du sektorearen etorkizunean".