Herri guztia dantzan jarriko dute hilaren 28an

Herri guztia dantzan jarriko dute hilaren 28an
2023/04/21 10:58
eta kitto!
Apirilaren 29an, zapatua, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta, egun berezi horren aurrean, iaz hasitako ekimenari jarraipena emanez, herriko dantza taldeek egitarau berezia prestatu dute bezperarako, hilaren 28rako. Horrela, herriko auzo ezberdinetan egongo dira dantzak eskaintzen eta, egunari amaiera emateko, Untzagan ikuskizuna eskaini ondoren, erromeria egongo da.

 

Eibar dantza egiten duen herria da eta hemen dauden dantza-talde eta dantzari kopuruari besterik ez zaio begiratu behar hortaz ohartzeko. Adin guztietako jendeak egiten du dantza gure herrian, mota askotako dantzak egiten dira eta horren erakusle dira iaz Dantzaren Nazioarteko Egunean ikusi genituen irudiak.

Aurten, are irudi ikusgarriagoak eskainiko dituzte, hiru talde berrik hartuko baitute parte ekimenean. Horrela, honako hauek izango dira hilaren 28ko ekimenean parte hartuko duten dantza-taldeak: Biraka Dantza Taldea, Ballet Eibarres, Flamenko Taldea, KAXA, Kezka Dantza Taldea, Koa Dantza Estudioa, Neledantza, Os Galaicos Casa As Burgas eta Untzagako Jubilatuen Etxeko Dantza Taldea.

 

Auzoetan lehenik, Untzagan gero

Datorren asteko barixakuko saioa 17:30ean hasiko da eta dantza -taldeek iazko dinamika berdinari jarraituko diote. Horrela, lehendabizi Torrekuako eta Urkizuko parkeetan dantzak eskainiko dituzte, gero Ego Gainen (El Corte Ingles parean) eta Errebal Plazan arituko dira eta, azkenik, Untzagan. KAXA guneko Marta Prolek azaldu digunez, horrela antolatuko dira egun horretarako: “Torrekuan Biraka Dantza Taldea, Koa Dantza Estudioa eta Kezka Dantza taldea egongo dira, eta hor amaitzerakoan, Ego Gainen Koak eta Birakak egingo dute dantza. Bestetik, Urkizun KAXA, Neledantza eta Ballet Eibarres arituko dira, eta hiru taldeak Errebal Plazan ibiliko dira ondoren”.

Ikusten denez, dantzariak erdigunerantz joango dira poliki-poliki eta, horrela, Untzagan emango diote amaiera handia ekitaldiari. “Bertan, 18:30ean, Flamenko Taldea eta Untzagako Jubilatuen Etxeko Dantza Taldea ibiliko dira dantzan, eta 19:00ak inguruan, herriko auzoetan ibili diren beste taldeek ikuskizunak eskainiko dituzte banan-banan”, azaldu digu Prolek.

Dantza-taldeen ikuskizuna 20:00ak inguruan amaituko da, baina horrek ez du esan nahi egitaraua orduan amaituko denik. Izan ere, 20:30ean Mugi Panderoa talde eibartarrak erromeria eskainiko du eta dantza egiten jarraitzeko aukera emango die bertaratzen direnei.

 

Dantza bistaratu

Iazko egitasmoa Eibarko dantza-taldeen ekimenetik sortu zen eta oso erantzun ona jaso zuen taldeen zein herritarren aldetik. “Hasteko, Dantzaren Nazioarteko Eguna Eibarren ospatu eta eguna bera ezagutarazi nahi genuen”, diosku Prolek. “Orduan, den-dena toki berean zentralizatu beharrean, ospakizuna herri guztira eraman nahi izan genuen, eta dantzak herriko toki ezberdinetan eskaintzea aproposa izan zitekeela pentsatu genuen”.

Prolek esan digun bezala, “oso egun polita da”, eta Eibarren dantzaren inguruan egiten diren gauzak ikusarazteko balio du. “Jende askok egiten du dantza Eibarren. Dantza-talde asko dago eta mota askotako dantzak egiten dira. Oso aberasgarria da hori”, Prolek esan digunez.