Herriko ondare soziokulturala gordetzeko proiektua aurkeztu dute

Herriko ondare soziokulturala gordetzeko proiektua aurkeztu dute
2019/02/15 eta kitto!
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak, Koldo Mitxelena Kulturuneak, Eibarko Kultura Sailak eta Ego Ibarra komisioak Kultur Memoriak proiektua aurkeztu dute gaur goizean udaletxean. Eibarko memoria eta ondare soziokulturalaren mapatze parte-hartzailea eta eduki sorkuntza sustatzeko proiektua da, eta martxoa eta apirilaren artean gauzatuko da. Narratiba herrikoa sortzea da helburua, eta baita Eibarren egon diren aldaketa sozial eta kulturalak lantzea ere.

Herritarrek eta herriko memoriaren inguruan lan egiten dutenek osatutako taldea egingo da mapatzea lantzeko, eta info@kulturmemoriak.eus helbidera idatzita edo 622 82 51 13 telefonora deituta eman daiteke izena dagoeneko (20-25 lagunek hartu ahal izango dute parte eta 15 egun barru itxiko da epea). Taldea osatu ondoren parte-hartzaileek trebatze tailerrak jasoko dituzte, herriko aktiboen identifikazioa eta mapatze analogikoa egiteko. Ondoren, narratiba digitalen sorkuntza egingo da, hau da, aurretik landutakoa bideo, audio edo bestelako euskarrietan lantzea. Gero jasotako narratiba horren post-produkzioa egiteko txanda iritsiko da. Eta azkenik, proiektuaren ebaluazioa eta itzulera egingo da.

Egindako lan guztiak webgune batean jasotzea aurreikusten dute proiektuaren arduradunek eta, honen bitartez, Eibarko mapa batean proiektu honek jasotakoak biltzen dituzten puntuak aurkitu ahal izango dira. Arduradunek adierazi dutenez lanaren emaitza uda aldean aurkeztea espero dute.