Ibarluzeak fisika kuantikoari buruzko bere liburua aurkeztu du

Ibarluzeak fisika kuantikoari buruzko bere liburua aurkeztu du
2013/01/25 eta kitto!

Newtonen sagarretik esku-pilota kuantikora. Berrikuntza eta zientzia zabaltzen liburua atzo iluntzean (eguena, hilak 24) aurkeztu zuen Juan Luis Ibarluzea eibartarrak Armeria Eskolan. Ego Ibarra batzordeak paperean zein edizio digitalean (PDF, mobi eta epub formatuetan) argitara emandako liburuaren helburua "ezagutza jende guztiarengana hedatzea" da. Ibarluzea Armeria Eskolako ikasle-ohia da eta bere lanaren aurkezpenerako eskolaren lehen harria ipini zutela 100 urte bete diren hila (1913-01-06) aukeratu du. Aurkezpen ekitaldian lanaren egileak Miguel de los Toyos alkatea, Jose Luis Novoa Armeria Eskolako zuzendaria, Alejandro Bengoa Teknikerreko zuzendari nagusia eta Carmen Larrañaga Ego Ibarrako batzordeburua izan zituen aldamenean.