Ibilbide berezia euskal musikaren historian zehar

Ibilbide berezia euskal musikaren historian zehar
2017/05/19 eta kitto!
Astea modu paregabean hasi zuten Eibarko DBH-ko 4. mailako ikasleek. Ez da egunero Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren musika eta doinuez gozatzeko aukera izaten eta, are gutxiago, euren eskutik euskal musikaren historian zehar ibilbidea egiten. Bada, astelehen goizean, herriko hainbat ikaslek pribilegio hori izan zuten, belarriek oraindik ere dastatzen duten gozamena.

 

Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta musikariek ‘Baga, Biga, Higa’ proiektua ekarri zuten Coliseora. Euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena helburu dituen ekimena da eta Elorrietak azaldu zuenez, “eskoletatik hitzaldiak emateko deitzen ziguten, eta ikasle askok Mikel Laboa ezagutzen ez zutela konturatu ginen, baina Justin Bieber oso ondo”. Hori izan zen, besteak bestek, proiektua sortzeko arrazoia.

Euskal kantu tradizionalak ‘telefono hautsia’ bezala iritsi dira gurera. Mendeetan zehar ahoz aho, belarririk belarri, aldatzen joan dira. 1.900 urtean, ordea, euskarazko lehen abestiak grabatzeko aukera izan zen Pariseko Expo Unibertsalean. ‘Pello Joxepe’ abestiak XIX. zuen doinua entzun ahal izan zuten DBH-ko ikasleek eta barre lotsatia bota zuten gaur egun ezagutzen dugun doinuarekin duen aldeagatik.

 

Gure musika zikintzen

Hamarkadaz hamarkada euskal musikaren historiaren nondik norakoak kontatu zituzten Elorrieta eta Markezek. ‘Soroak’ taldeak gitarra elektrikoarekin hasi zirenean “gure musika zikintzen ari dira” entzun behar izan zuen momentutik, gaur egun musika egin eta kontsumitzeko bizi den bat-batekotasunera arte.

Lehen atalean, ‘Soroak’ taldeak sakrilegio elektrikoa gauzatu zuenean publiko artean zegoen Mixel Labagueriek euskal musikaren historiaren modernitatean izan duen garrantzia azpimarratu ostean, ‘Eperra’ abestu zuen bikoteak. Ostean, 60. hamarkada izan zuten mintzagai.

Frankismo sasoia zen, zentsuraren ukabil bortitzaren urteak, eta zeharka botatzen ziren mezu eta desirak. Laboak Hego Amerikako doinuak abesten zituen, Benito Lertxundik Elvis Presley imitatuz ‘La Voz de Españako’ kantu lehiaketa irabazi zuen eta euskera modan jartzen hasi zen. “Gazteleraz aritzen zirenak ere euskaraz abesten hasi ziren”, Markezen berbetan. Laboaren ‘Txoria txori’ abestu zuen bikoteak askatasun gose larria zegoen hamarkadari agurtzeko.

 

‘Txanpinoien aroa’

‘Txanpinoien aroa’ izan zen 70. hamarkada. “Gizarte baldintzak hain ziren egokiak, herri guztietan jendea irten zela ordura arte esan ezin zena kantatzera”, aipatu zuen Elorrietak. Errobi, Oskorri, Niko Etxart, Ruper Ordorika... musikari emari handia izan zen. Booma. Eta Xabier LeterenXalbadorren heriotza’ ekarri zuten Coliseora aurkezleek.

Tradizioarekin apurtu eta ezer eskaintzen ez zion gizarteari abestu zion 80. hamarkadak. “’Nire aitaren etxea’ zen lehenik, ‘Aitarik ez dut’ gero, eta ‘Hil ezazu aita’ azkenik”. Askorentzat oker izendatua izan den Euskal Rock Erradikalaren jaiotza gertatu zen eta Itoizen ‘Lau teilaturekin’ DBH-ko ikasleak kantu batean batu zituzten Coliseoan.

 

Aniztasuna gaur egun

Aniztasuna da 90. eta 2.000 hamarkadetako berezitasun nagusia. Teknologiaren garapen azkarrak markatuta, eta marketingaren eta estetikaren domeinupean, musika egin eta entzuteko moduak aldatu dira sasoi hauetan. Tartean, trikitixaren booma, baserri-giroko musika pop eta rock musikara moldatuz.

“Trantsizio aroa bizi dugu”, Elorrietaren ustetan. Aldaketak azkar ematen dira eta inork ez daki zer gertatuko den, “baina katea izaten saiatuko gara”, euskal musikak bere bidea jarraitzeko.