Iparragirre musikari eta poetaren omenezko ikuskizuna eskainiko dute Coliseoan azaroaren 25ean

Iparragirre musikari eta poetaren omenezko ikuskizuna eskainiko dute Coliseoan azaroaren 25ean
2020/11/13 eta kitto!
Zuzeneko musika, ikus-entzunezkoak, errezitatzeak eta dantza biltzen dituen Iparraguirre 7 ikuskizuna taularatuko dute Coliseo antzokian azaroaren 25ean, 19:00etan. Jose Maria Iparragirre poeta eta musikariaren jaiotzaren 200. urteurrena abuztuan izan zela-eta, omendaldi gisa sortutako ikuskizuna Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak sustatu eta Morgancrea-k diseinatu du.

Carlos Rodriguez eta Asun Lasarteren zuzendaritza duen proposamen eszenikoa Iparragirreren zazpi abesti ezagunen inguruan sortu dute. Ikus-entzunezkoek testuinguruan jartzen dituzte Iparragirreren obrak, Iraia Okinaren ilustrazio bizidunen bitartez, eta Olatz Beobide antzezleak horiek “kontatzen” joango da, agertokia Amaia Elizaran dantzariarekin partekatzen duen bitartean.

Alberto Lizarralderen musika-zuzendaritzapean, soinu-paleta zabal batean mugitzen diren musikariek hartuko dute parte: Lide Hernando (ahotsa), Beñat Axiary (ahotsa), Sorkunde Idigoras (pianoa, zango-biola, loop-ak, ahotsa), Josetxo Silguero (saxo sopranoa eta baritonoa), Xabi Zeberio (nyckelharp, loop-ak, ahotsa) eta Arkaitz Miner (gitarra, mandolina, biolina, efektuak, ahotsa).

Sarrerak 5 euro balio du eta Coliseo antzokiko leihatilan (astelehen eta barixakuetan 17:30etik 19:30era eta saioa hasi baino ordu erdi lehenago) zein Kutxabank zerbitzuaren bitartez eros daiteke.