Irakurzaleentzako taldeak ikasturte berriari ekiteko prest

Irakurzaleentzako taldeak ikasturte berriari ekiteko prest
2018/09/20 10:57
eta kitto!
Irakurketa taldeak, irakurzaleen taldeak, irakurketa klubak, literatura txokoak… izen desberdinak izaten dituzte. Azken urteetan handik eta hemendik taldeen kopuru hazten joan da. Aldez aurretik egingo den liburu baten irakurketa oinarri bezala hartuta, norberak sorrarazitako iritziak, ideiak eta sentsasioak beste irakurleekin elkartrukatzen dira. Eibarren ditugun taldeak prest daude ikasturte berriari ekiteko.

Orokorrean funtzionamendua hau da: taldeak liburu bat aukeratzen du eta irakurtzeko denbora bat ematen da. Irakurketa hori ez da elkarrekin egiten, norberak nahi duen tokian baizik. Data bat ezartzen da eta egun horretan taldea bildu egiten da irakurritakoa komentatzeko. Bileretan, normalean, dinamizatzaile bat egoten da, baina ez bere iritziak ezartzeko, guztiei ahotsa emateko eta eztabaida zuzentzeko baizik. Irakurleek liburuaren elementu desberdinak komentatzen dituzte: argumentoa, pertsonaiak, estiloa... Bilera amaieran hurrengo saiorako irakurri behar dena zehazten da. Liburutegia arduratzen da liburuak errazteaz. Irakurketa taldeen fenomenoaren helburu  nagusia irakurtzeko ohitura sortzea eta sustatzea da. Horri liburutegietako zerbitzuen erabilpena sustatzea gehitu behar zaio, eta, nola ez,  aisialdi aktiboa eta osasungarria sustatzea. Badaude euren hizkuntz gaitasuna hobetzeko asmoz izena ematen dutenak ere.

2006. urtetik Eibarren
Eibarko liburutegian gaztelerazko taldea 2006an jaio zen. Eva Alberdi Eibarko Juan San Martin liburutegiko arduradunak azaldu digunez, “Maria Jesus Agirrek gidatu zituen lehengo urteak, 2009ra arte. Gero eten bat izan genuen eta berriz hasi ginen 2011an Txomin Magdalenarekin. Dinamizatzaile honekin hiru ikasturte egon ginen eta honek bere anaiari, Peru Magdalenari pasatu zion lekukoa, gaur egunera arte”. Durangarrak dira anaia biak. Peru hilean behin etortzen da gaztelerazko taldea gidatzera. Saio batean hurrengo saioko liburuak ematen dizkiete partehartzaileei. Eta hilabete bat izaten dute lasai irakurtzeko. Elkartzen direnean irakurritakoari buruzko iritziak elkartrukatzen dituzte. Jendea gustora egoten da eta askok errepikatu egiten dute, “jende berria joaten da sartzen, baina gehienak aurreko urteetakoak izaten dira. Euskal Herriko liburutegien sarean hainbat lote daude, bakoitza 20 liburukoa, eta hortik hornitzen ditugu Eibarko irakurle taldeak. Egutegia prestatuta izaten dugu eta eskaera egiten dugunean mezulari batek ekartzen digu materiala”, azaldu digu Evak.

“Kaleratzen den unetik liburua irakurlearena izaten da”
“Harixa Emoten” Euskarazko taldea 2013an hasi zela ondo gogoratzen du Evak: “Guk ez genuen euskarazko talderik eta …eta kitto! Euskara Elkarteak bere taldea zuen. Eibarren bi talde egoteak ez zeukan zentzu handirik, eta elkarrekin egitea erabaki genuen. Dinamizatzaile lanetan Antxon Narbaiza ibiltzen zen …eta kitto!-n eta berak jarraitu zuen. Euskarazko taldeak badu berezitasuna, saioetan idazlea egoten delako. Euskal Idazleen elkarteak diruz laguntzen du eta eurek ematen dizkigute idazleen kontaktuak. Antxonekin batera aukeratzen dira liburuak eta Ikasturte osoko egutegia prestatzen dugu”. Aurtengo lehen saioan, irailaren 25ean, Karlos Linazasororen “6012” liburua aztertuko dute. Saio hauetan idazleek gauza asko kontatzen dituzte, “nola hasi zen liburua idazten, pertsonaien nondik norakoak… gauza asko izaten dute kontatzeko. Eta jendearen iritziak entzutea asko gustatzen zaie. Esaten dute liburua kaleratzen denetik, kalean dagoenetik, ez dela eurena, irakurleena baizik. Irakurle bakoitzak bere ikuspegia dauka eta idazleen sormenerako oso interesantea izaten da irakurleen ekarpenak entzutea, asko eskertzen dute hori”. Talde hauetan Antxonek aurretik beti prestatzen du dossier bat, laburpen batekin eta liburuari buruz berak daukan iritziarekin eta partaide guztiei aurretik bidaltzen zaie. Ordubeteko saioak izaten dira, hilean behin. Euskerazko zein erdarazko taldeetan 16 urtetik gorakoek har dezakete parte eta 20 bat laguneko taldeak izaten dira. “Talde handiegiak ez izatea gomendatzen da. Dena dela, izen-ematea itxita badago ere, norbaitek interesa badu gurekin harremanetan jarri daiteke, eta saiatuko gara leku bat egiten”, esan du Alberdik.

Eva Alberdi Irakurketa ahalik eta jende gehiagorengana zabaltzea da Eibarko Liburutegiaren helburua. Argazkian Eva Alberdi, liburutegiko arduraduna.

Litertxoko, AGIFES, Biztu, Pagatxa, nagusien egoitzak…
Gaztelerazko lehenengo irakurketa taldeak eten bat izan zuen jaio eta bi urtera, 2009an. Baina hori ez zen izan taldea desegiteko zergatia; izan ere, talde horretakoak euren kabuz elkarte gastronomiko batean elkartzen hasi ziren, eta gaur egun  ere taldeak martxa jarraitzen du. “Litertxoko izena jarri diote taldeari eta, nahiz eta euren kabuz funtzionatu, gure laguntza eskaintzen diegu. Eurei ere liburuak ekartzen dizkiegu Euskal Herriko liburutegien saretik eta euren eskura jartzen ditugu, beste taldeekin egiten dugun bezala”.  Biztu Jubilatu eta pentsionisten  elkartearen eta Pagatxa emakume taldearen baitan sortutako irakurketa taldeak ere hornitzen ditu udal liburutegiak.
Irakurketa ahalik eta jende gehiagorengana zabaltzea da Liburutegiaren nahia eta, horrexegatik, aipatutako talde horiez gain “irakurketa erraza” ekimena bultzatzen dute. AGIFES buru osasun arazoa duten pertsonen ekartekoekin, San Andres nagusien egoitzakoekin eta Ego Gain egoitzako unitate berezi batekin egiten dute lan. Horiei ere ekartzen dizkiete liburuak. “Liburu bereziak izaten dira, ezaugarri  zehatzak dituzte: esaldi laburrak, hiztegiak albo batean… AGIFESekoak astero etortzen dira liburutegira euren dinamizatzailearekin. Eurentzako garrantzitsua da esparru arrunt batean egoteko gai direla ikustea”. Talde guzti hauekin egoten den elkarlana oso positibotzat jotzen du Evak, “lana ematen du, baina guretzako ezinezkoa litzateke hainbeste talde dinamizatzea”.

Saroa Bikandi Saroa Bikandik zuzenduko ditu aurten ere haurren taldeak.

Haur eta gurasoentzako taldeak
Etxeko haur eta gaztetxoentzako ere antolatzen dira taldeak Udal Liburutegitik eta oso arrakasta handia izaten dute. “Talde hauek antolatzerakoan adin  guztiak hartu nahi ditugu, txikiak direnetik gaztetxoak direnera arte, azken finean lehen urteetan hartzen delako irakurtzeko ohitura. Gurasoek garrantzia ematen badiote liburu batekin tarte bat pasatzeari, hor sortuko da ohitura”. Ikasturte amaierako balorazioek adierazten dutenez, umeak oso gustora joaten dira  saioetara eta etxean ere eskatzen diete gurasoei ipuinak kontatzeko. Haurren taldeetan izenematea oso altua izaten da eta zozketa egin behar izaten dute. Aurten, dena dela, talde gehiago sortzeko asmoa daukate. Izen-ematea hilaren 21era arte egongo da zabalik.
8-12 urte bitarteko gaztetxoek ere oso ondo pasatzen dute. Hauek liburua etxera eramaten dute eta, horretaz gain, saioetan fitxa edo lan batzuk egiten dituzte. “Lan guzti horiekin bakoitzarentzako liburu bat egiten dugu eta urte amaieran etxera eramaten dute”.
Saroa Bikandik 6 edo 7 urte inguru daramatza txikientzako dauden talde biak zuzentzen. Azalerako ipuinak taldean 2-3 urteko haurrak egoten dira eta Liburuen poltsa delakoan 4-5 urtekoak. Saroak azaldu digunez, “talde hauetan gehienbat gurasoak motibatzea bultzatzen da eta plazerretik ondo pasatzea bilatzen da. Umeak ama edo aitarekin etortzen dira. Azken batean, familia ekintza bat da eta baliabideak ematen zaizkie gurasoei haur literaturara hurbitzeko. Gauzak nola egin daitezkeen ikasten dute. Beraz, erronka handiena gurasoak dira. Haur literatuaren inguruan gurasoek euren iritzi propioa sortzen joatea da helburua, ziurtasunez mugi daitezen”. Gure herrian oso gustora sentitzen da Saroa, “Eibarren euskara maila altua dago eta jendea eskerronez etortzen da”.

Txomin eta Peru Txomin eta Peru Magdalena anaiak dinamizatzaile lanetan ibiltzen dira irakurketa taldeetan. Peru Eibarko helduentzako erderazko taldean dago eta Txominek gaztetxoekin jardungo du aurten. Argazkia: Anboto.

Literaturaren aberastasuna gazteen esku
Peru eta Txomin Magdalena anaiek ondo ezagutzen dituzte gazteentzako eta helduentzako irakurketa klubak. Urteak daramatzate zeregin horretan eta herri askotan ibilitakoak dira. Aurten Txominek gidatuko du 8-12 urte bitarteko gaztetxoen taldea Eibarren. ”Gazteentzako taldeetan genero desberdinak ezagutzera ematen ahalegintzen gara: ipuinak, olerkiak, komikiak, kontsulta liburuak... Literaturaren aberastasuna gerturatu nahi izaten diegu. Gainera, gazteekin beti egiten dugu sorkuntza lanen bat. Olerki liburu bat irakurri badugu, beste saio baten olerkiak sortzen ditugu denon artean, edo bakoitzak berea. Gidoiren bat ere egin izan dugu inoiz. Modu horretan lotsa kendu eta sorkuntzarako grina sortu nahi dugu”. Irakurketa haurtzaroan eta gaztaroan lantzearen garrantziaz egin digu berba Txominek. “Nola lortuko dugu 15 edo 16 urterekin gazteek irakurtzea txikitan ez badute liburuekin harremanik izan? Hori ezinezkoa da!”. Udal liburutegietan irakurketa bultzatzeko gauza mordoa egite direla azpimarratu du durangarrak, “nahiz eta jendea askotan ez enteratu”.
Helduen zein nagusien taldeeetan “liburuen bizitza luzatu egiten da: iritzi desberdinak ematen dira, besteen ikuspegia entzuten da, idazlea gehiago ezagutzeko aukera egoten da...”. Harremanak sortzeko ere balio dute. Txominek ondo dakienez, “taldeak oso anitzak dira: etxekoandreak, jubilatuak, unibertsitarioak... Normalean emakume gehiago egoten dira. Amankomunean irakurzaletasuna daukate eta berba pila bat egiten da. Dinamika onak eta jarrera positiboak sortzen dira”.