Itxaropena ikuskizuna eskainiko dute gaur Untzagan, bonbardaketak gogoan

Itxaropena ikuskizuna eskainiko dute gaur Untzagan, bonbardaketak gogoan
2012/04/27 00:00
eta kitto!

Gaur gauean, 22.30etatik aurrera Itxaropena izenburuko oroitzapen-ikuskizuna eskainiko dute Untzaga plazan. Multimedia-lanak 1937an Euskadiko hainbat udalerritan izandako bonbardaketak gogora ekartzen ditu, argia, musika eta irudiak osatzen duten muntaian. Sostoa abesbatzak zuzenean jardungo du bertan eta, eurek diotenez, "duda barik guretako esperientzia berria izango da. Ikus-entzunezko efektuak izango dituen ikuskizunean jardungo dugu kantuan, dantzari bikainek lagunduta eta hori guztia Mikel Laboa eta Iñaki Salvadorren konposaketa musikalaren gainean montatuta joango da, laguntza sinfoniko eta koralarekin". Entseguetan Innevento Producciones enpresako lantaldea eta Iñaki Salvador musikari ezagunak gidari izan dituzte.
Eta bihar kontzertua Coliseoan
Sostoa abesbatzarendako beroketa modukua izango da gaurkoa, bihar ere Coliseoan izango delako, 19.00etatik aurrera Pedro Palacin eibartarrak zuzentzen duen Andres Egiguren orkestari Gernika kantatan laguntzen, Donostiako Easo abesbatzarekin batera. Biharko ikuskizunean Mendelssohn-ek biolinarentzat idatzitako kontzertua eta Dvorák-en "Sinfonía del Nuevo Mundo" delakoa ere eskainiko dituzte. Sarrerak 10 eurotan erosi daitezke Coliseoko leihatilan bertan.