Jesika Martinez Alcocer, ‘Animal culture’: “Ideia berriak garatzeko aukera edukiko dut aste hauetan”

Jesika Martinez Alcocer, ‘Animal culture’: “Ideia berriak garatzeko aukera edukiko dut aste hauetan”
2018/03/23 eta kitto!
Luzaroan bila ibili zen tokia aurkitu du Jesika Martinez Alcocerrek Kokojaten arkitektura estudioan. Bere lana jendaurrean garatzeko aukera dauka Kalbetonen dagoen eskaparate handian. Giza-animalia oinarrian duen proiektua jarri zuen martxan orain dela lau urte, ‘Animal culture’, erropa-marka bat baino gehiago. Apirilaren amaierara arte egongo da Jesika Kokojatenen, 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.

 

- Nondik abiatu zen ‘Animal culture’ proiektua?

BilboArten nengoenean hasi nintzen proiektua garatzen. Artista egoiliar moduan egoteko beka lortu nuen 2012an eta serigrafiatzen ikasi nuen han. Serigrafiarekin borrokan ibili nintzen urte guztian, egurrean eta metakrilatoan lan egiten nuelako, baina beste ikaskide batzuk ehun-gaien gainean serigrafiatzen ikusi nituen eta proiektuarekin amaitzean gauza bera egin nahi nuen. Beti izan dut neure erropak egiteko gogoa, eta BilboArteko proiektua amaitzean hori izan zen nire helburua. Lan bila ibili nintzen, baina lortu ez nuenez, ideia hori garatu nuen.

- Nolako bidea jarraitu behar da horrelako proiektua gauzatu arte?

Bide luzea eta gogorra. Hasieran, proiektuaren atzean dagoen kontzeptuaren inguruko hausnarketa egin nuen eta, zentzu horretan, giza-animalien kontzeptua deigarria zen niretzat. Beti pentsatu izan dut animaliengandik hurbilago nagoela pertsonengandik baino. Animalien eta gizakien artean espazio bat dago eta hor kokatzen dira giza-animaliak. Kontzeptu horretatik abiatuta garatu nuen markaren identitatea eta urtebete eman nuen izenaren bila. Horrelako proiektu bat nola kudeatu behar den ikasten ibili nintzen (markaren balioa, marketinga...) eta, lehen kamiseta-bilduma sortu eta gero, hara eta hona ibili nintzen produktuak zuen harrera ikusten. Harrera ona izan zuen, baina bizitzeko haina ematen ez didanez, ez dut proiektua gehiago garatzeko behar den pausoa eman.

- Jaten ematen ez badizu ere, lau urte daramatzazu proiektuarekin.

Bai, baina hainbat etenaldi egin behar izan ditut, beste lan batzuetan ibili behar izan naizelako. Serigrafia enpresa batean egon naiz eta asko ikasi dut, baina orain Ermuko Mariasun loradendan nago eta zoriontsua naiz han. Gainera, nire sormena lantzen dut eta horren inguruan ere zerbait egiteko ideia berriak bururatu zaizkit. Dena dela, zaila da ‘Animal culture’ proiektua hiltzea, ni nagoelako hor. Zaila da idazteari edo marrazteari uztea, behar dudalako, eta gustatzen zaizkidan faktore guztiak batzen ditut ‘Animal culturen’. Marrazketa, idazketa eta maite dudan imajinario guztia biltzen dira ‘Animal culturen’. Oso zaila da guzti hori hiltzea, beti gustatuko zaidalako.

- Nolako aukera da Kokojaten estudioan zure lanak jendaurrean azaltzea?

Mila ate jo ditut etxabe batean nire estudioa jartzeko, jendaurrean lan egin nahi dudalako, baina ezinezkoa izan da. Ermuan, adibidez, itxita dauden lokal asko dago, baina jabeek nahiago dute prezio handia jaitsi eta lokalei bizia ematea baino. Azkenean nire etxean jarri dut estudioa, beraz, jendeak ezin du zuzenean ikusi nola lan egiten dudan. Nire lana jendeari hurbiltzeko bilaketa honetan aurkitu dut Kokojaten. Zure lana erakusteaz gain ikuslearekin hartu-emana edukitzea zoragarria da. Opari ederra da horrelako toki bat izatea!

- Zure lanak erakusteaz gain, zerbait berezia egingo duzu Kokojatenen?

Erropa-marka moduan jaio zen ‘Animal culture’, baina ilustrazioan oinarritzen da proiektua. Gustuko ditudan gauzak egingo ditut Kokojatenen, gozatzeaz arduratuko naiz. Opari moduan hartu dut bertan egotea, hilabete askotan ibili naizelako horrelako zerbaiten bila, eta ideia berriak garatzeko aukera edukiko dut aste hauetan. Idaztea eta marraztea nahi dut batez ere.