JOHAN CHEKA: “Iruditzen zait Coliseoko publikoak denbora gutxi iraungo duela bere tokian eserita”

JOHAN CHEKA: “Iruditzen zait Coliseoko publikoak denbora gutxi iraungo duela bere tokian eserita”
2023/02/10 eta kitto!
80. hamarkadan Espainiako rock eszenan garrantzitsuak izan ziren taldeetako kide batzuek sortu dute ‘Rock con Ñ’ taldea, eta Sangre Azul, Burning, Asfalto, Topo eta Craneo taldeetako kide ohiek famatuak egin zituzten abestiak ekarriko dituzte bihar, 19:00etan, Coliseo antzokira.

Johan Cheka da ‘La Ñ’-ren (horrela esaten dio berak taldeari) abeslaria. Chekak Craneo taldean egin zuen bere ibilbide gehiena eta azken urteotan Asfalto taldearen managerra izan da. Dena dela, noizean behin eszenatoki gainera igotzen zen abesteko beharra asetzeko asmoz eta, orain, proiektu honekin, berriz dabil dena ematen.

 

Publikoa eserlekuetan eseri ohi da Coliseo antzokian. Rock taldea izanik, tente jartzen saiatuko zarete?

Coliseo ezagutzen dut, Asfaltorekin egon ginelako orain dela urte batzuk. Toki ederra da eta musika-ekipoak oso soinu ona du. Eta bai, noski, uste dut publikoak denbora gutxi iraungo duela bere tokian eserita. Ni neu arduratuko naiz eseri ez daitezen. Lehen abestitik sakatuko diet eta izerditan joango dira etxera.

Nola sortu zenuten ‘Rock con Ñ’ taldea?

Konfinamendu sasoian sortu genuen. Etxean aspertuta geundenez, lagunen artean berba gehiago egiten genuen eta behin, Juanjo Melero ‘Sangre azul’ taldeko gitarra-jolearekin sektorearen egoera kaskarrari buruz berbetan, pentsatu genuen konfinamendua amaitzerakoan geure buruari omenaldia eskaini behar geniola. Hau da, lagunak elkartzea eta kontzertua eskaintzea talde ezberdinen abestiak jotzeko. Orduan, beste talde batzuetako lagunei deitu genien eta taldea osatu genuen.

Nolako kontzertua izan zen?

Madrilen jo genuen muga askorekin, pandemiaren ondorioz, baina Figaro antzokia bete genuen eta demaseko oihartzuna izan zuen. Jendeak irteteko eta gozatzeko gogoa zuen. Ikusleen artean Pablo Rodriguez managerra zegoen eta esan zigun proiektuari jarraipena eman behar geniola, rocka eta errepertorio hori defendatu behar zuen talde bat falta zelako.

Eta harrezkero, gelditu barik ibili zarete!

‘Yo iba al Canciller’ bira hasi genuen (‘Canciller’ Madrilgo rockaren tenplua zen 80. hamarkadan) eta 32 kontzertu eskaini genituen 2022ko abendura arte. Toki handietan jo dugu (San Isidro jaietan, Bilboko Aste Nagusian...) eta abeslari ospetsuak igo dira gurekin eszenatoki gainera (Ramoncin, Aurora Beltran...), gure proiektuari babesa emanez. Oso pozik gaude! Gainera, publikoak asko gozatzen du. Baxu-joleak esaten duen bezala, “abesti hauekin hasi bagenuen harremana gure bikoteekin, nola ez dugu gozatuko horiek entzuten?”.

Talde ezberdinetako musikariak izanda, nolakoa izan da egokitzeko lana?

‘Rock con Ñ’ usadio zaharreko taldea da. Entseguetarako lokala dugu eta astero entseatzen saiatzen gara. Orain, taldearen abesti propio bat sortzea da gure asmoa. Bestalde, zuzenekoetarako errepertorioa aukeratzea zaila izan zen, baina abestiak modu demokratikoan hautatu genituen. Asmatu genuela uste dut, publikoak hasieratik amaierara arte abesten duelako eta ia ahots barik geratzen delako.

Hainbeste urteren ondoren, nola jarraitzen du bizirik musikaren garrak?

Rock and rollaren kontua da. Kide gehienak 60 urteren bueltan gaude eta eszenatoki gainean kilometroak egin ditzakegu. Rocka odolean daramagu. Gero, eszenatokitik jaisten garenean, bizkarreko eta belauneko minak hasten zaizkigu (barreak).

Hasi zineten sasoiarekin alderatuz, asko aldatu da musikaren mundua?

Bai, guztiz. Arlo batzuetan hobera egin du. Adibidez, gure sasoian jartzen zizkiguten soinu-ekipoak oso eskasak ziren. Ez dakit nola publikoak ez zizkigun gauzak botatzen (barreak). Orain, ordea, ikus-entzunezkoak erabiltzen hasi gara, besteak beste. Zoragarria da eta lehen pentsaezina zen. Lehen, teloia ere ez genuen eramaten! Bestalde, gauza batzuetan txarrera egin du egoerak. Adibidez, musikaren zabalkundea ez da existitzen. ‘La Ñ’-k abesti bat sortzen badu, ez da inon nabarmenduko. Hau da, ez da orain dela urte asko sortu genituen abestiak bezain ezaguna izango. Lehen musika entzun egiten genuen. Diskoa erosi eta buruz ikasten zenuen, irratian mila programa zeuden, telebistan Barricada edo Leño bezalako taldea ikusi zenitzakeen... Orain ez dago horrelako ezer. Pentsa, TikTok plataforman kanala zabaldu berri dugu! (barreak) Gaur egun, sare sozialetan oso abiadura handian kontsumitzen dira gauzak eta ezinezkoa da ezertaz gozatzea edo arreta jartzea.