José Ronco, argazkilaria: “Kamera analogikoek beste dimentsio bat ematen diote argazkiari”

José Ronco, argazkilaria: “Kamera analogikoek beste dimentsio bat ematen diote argazkiari”
2018/01/29 eta kitto!
Zarauzko Photomuseumak John Berger omentzeko Modos de ver izeneko argazki-erakusketa jasoko du otsailaren 11ra arte. Hainbat pertsonek hartu dute parte proiektu honetan, tartean bi eibartarrek. José Ronco argazkilariak beste taldekideen erretratuak egin ditu, eta Mikel Iriondo filosofo eibartarra argazkiekin batera doazen testuak idazteaz arduratu da. Liburu bat argitaratu dute, baina agortu egin da dagoeneko.

 

-John Berger omentzeko erakusketa antolatu duzue. Nola sortu zen ideia?

Hainbat taldekidek bere liburuak irakurri, bere programak jarraitu eta BBCk bere inguruan egindako dokumentalak ikusi zituzten, eta hortik irten da erakusketa egiteko asmoa. Taldeko kide bakoitzak nahi zuena egiteko proposamena jaso genuen lagun baten eskutik. Orain dela urtebete batu ginen taldekoak eta lagunak esandakoa egin genuen. Gero, bakoitzak bere lanak ekarri eta gai amankomun baten inguruan antolatu genituen argazkiak.

-Zergatik John Berger? Nolakoa da bere dimentsioa?

John Berger idazlea izan zen eta Ways of seeing (Ikusteko moduak) izeneko telebista saio bat izan zuen Amerikako Estatu Batuetan (AEB). Artelan bat nola manipulatzen zen kritikatu edo epaitzen zuen bertan, gainetik esanda. Arte kritikaria eta margolaria ere izan zen.

-Nola lortu duzue bakoitzak bere aldetik lan eginda lan bateratua osatzea?

Gurekin lan egin duen Jesus Mari Sarasua komisarioak hasieran esan zuen gure asmoa ezinezkoa zela. Eta hori 30 urteko esperientzia duela! Gero, taldekideak elkartzen joan eta gauzak bat etortzen joan ziren. Komisarioak liburuaren egitura jarraitu du erakusketa montatzeko orduan eta koherentzia dago.

-Teknika analogikoa digitalarekin uztartu duzu. Nola?

Formatu erdiko (6x6) kamera analogikoarekin egin ditut hartzeak eta, gero, negatiboak kamera digitalarekin erreproduzitu ditut, eskaneatu beharrean. Negatiboa argi-kaxa batean jarri, erreproduzitu eta irudi digitala lortzen dut. Gero, baliabide digitalak erabil ditut argazkiak editatzeko.

-Argazkilaritza digitalak analogikoa jan du, baina oraindik badago tokia analogikoarentzat?

Bientzat tokia dago. Nik biak uztartzen ditut. Hasselblad kamera bat daukat eta erretratoak egiteko erabiltzen dut. Hauspo-kamera bat ere daukat nire jostailuen artean. Erretratoak egiteko berezia da kamera analogikoarekin lan egitea eta edonor liluratzen duten soinua daukate. Errespetatu egiten zaituzte horrelako kamera batekin ikusten zaituztenean eta posatzen dagoena distraituta egoten da. Kamera analogikoek beste dimentsio bat ematen diote argazkiari, ez da hain arinak.

-Bergerren harira erreflexio eta pazientzia aldarrikatzen duzue. Hori galdu da argazkilaritza digitalarekin?

Beste modu batean egiten da lan analogikoarekin. Hauspo-plakekin argazkiak egiten ditudanean sei fotograma eramaten ditut, beraz, ez ditut hamabi argazki baino gehiago ateratzen. Hala ere, argazkilaritzan aspalditik gabiltzanok ez daukagu hain atzamar bizia, erabakiak hain arin ez hartzera ohituta gaude.