Joseba Aranzabal Iraeta (arkitektu eta aparejadorea): “Sasoi bateko iragarki eta propaganda zaharrek asko lagundu didate nire lanean”

Joseba Aranzabal Iraeta (arkitektu eta aparejadorea): “Sasoi bateko iragarki eta propaganda zaharrek asko lagundu didate nire lanean”
2021/09/29 eta kitto!
Bihar, osteguna (hilak 30), Joseba Aranzabalek "Eibartik Eibarrera" hitzaldi zikloaren hirugarrena eskainiko du Eibarko Klub Deportiboaren egoitzan, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Ego Ibarra batzordeak sustatutako ekimenak Eibarko Txirrindulari Elkartearen eta Deporren laguntza izango du. Aforoa dela-eta, joan nahi duenak eskaera egin behar du, hilaren 27tik 29ra, info@deporeibar.com helbidean.

Zein izango da eman behar duzun hitzaldiaren ardatza? Egiten diharduzun "Bizikletaren arkitektura Eibarren" doktorego-tesia?
Lanak 2014an burututako graduondokoa du oinarritzat. Denbora dudanean Doktoretza tesiari berrikitea da helburua. Izenburua “EIBAR: Bizikletaren arkitektura” izango da, euskeraz idatzia. Lanaren funtsa bizikletak eta bizikleten osagarriak ekoizten zituzten enpresak identifikatzea eta jasotzea da, non zeuden, eraikinen planoak grafiatzea, egun zutunik dauden ala ez jaso, eraistearen zergatiak, pasarteak biltzea, etab. Horren ildotik, Egoibarraren bitartez, nolabaiteko liburu edo gida osotua argitaratzea legoke, enpresetako datuak bilduko lituzkeenak, kontsultarako.

Orbea, BH edo GAC enpresa handiekin batera, beste marka erregistratu asko daude herrian, ezta? Zeintzuk dira aipagarrienak?
Orokorrean jendeak hiru handiak ezagutzen ditu gehienbat, baina marka askoz gehiago eman ditu Eibarrek. Euren artean Abelux, Gamma, Zeus, CIL, Echasa, Fénix, El Reno, Norma, Hispano Inglesa, Nicolas Arregui, Saeta, etab. luze bat. Garrantzitsua da bereiztasun bat egitea, badirelako marka edo enpresa batzuk bizikletak osotasunean ekoizten zituztenak, hau da, bizikleta ia osoa (koadroa, esku oraleku edo manillarra, etab.) konplementu txiki batzuk salbu (katea, jarlekua, erradioak, etab) Beste batzuk Orbea, BH edota GAC-ri erosten zieten koadroa eta euren zigilua ezartzen zieten, kometzializatu eta saltzeko.

Fabriketatik aparte, osagarrien egileen zerrenda ere luzea dela diozu. Zenbat aurkitu dituzu?
Osagarriak edota konplementuak egiten zituzten empresen zerrenda ere oso oparoa da. Gaur egun autogintzan gertatzen den bezalaxe. Batzuk aipatzekotan: Kateak Iris, pedalak Amuategui, faroak eta txirrinak Azpiri, Aranceta y Palacios, jarlekuak El Tigre, jarlekuak Ges, puzgailuak Heta, jarlekuak Luis Urzelai, erradioak Acha, balaztak Albizuri, aldagailuak H. Larrañaga, llantak Irazola, osagarriak eta bidoiak Triplex (Bascaran), etab. Asko topatu ditut eta oraindik ere berriak topatzea suertatzen da aldioro. Horretarako oso baliagarriak dira sasoi bateko iragarki eta propaganda zaharrak, aldizkarietan agertzen zirenak.

Eibarko txirrindularitzarekiko zaletasuna bizikletak egitearekin lotuko zenuke.?
Txirrindularitza oso errotuta dago Eibarren baita Euskal Herrian ere, orokorrean. Asteburuetan zenbat jende irtetzen den errepidera ikustea besterik ez dago. Nire ustez bizi izan dugun txirrinduarekiko loturaren atzetik, historia, grina eta pasioa daude. Dugun orografiak eta paisaiak ere asko laguntzen dute. Horren adibide Eibarko txirrindulari elkarteak laster 100. urtemuga beteko duela, Arratera igoera, Valenciaga,…Zaletasuna badago eta egongo da, dudarik ez izan.

Noizko espero duzu amaitzea doktorego-tesia? Zenbateko lana eskatu dizu?
Orain arte egindako lana 2014 aurretikoa da. Handik hona bi seme alaba izan ditut eta apur bat alboratuta dut dena. Asmoa doktoretza tesiari berrekitea da, familiak denbora uzten didan heinean. Ondoren liburu txiki bat argitaratu eta herriari ondasun txiki bat lagatzea dut helburu nagusitzat. Urte eta erdiko lana dut egina, beste laupabost urte aurreikusten ditut orandik. Zailena denbora ateratzea da, artxibo lanak denbora dexente eskatzen baitu. Eibarko artxibategia, Bergarako artxibategia, Tolosako marken erregistroa, etab.