Josu Martinez, Juan San Martin bekaren irabazlea: “Euskarazko zinemaren historiaren hasieran gaude”

Josu Martinez, Juan San Martin bekaren irabazlea: “Euskarazko zinemaren historiaren hasieran gaude”
2019/12/26 eta kitto!
Josu Martinez Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatuak eta EHUko doktoreak eskuratu zuen aurtengo Juan San Martin beka. Historia zen edizio honetako ardatza eta Martinezek ‘Irudiz eta euskaraz, gure hizkuntzaren zinema, gure zinemaren hizkuntza’ izeneko ikerketa egitea proposatu zuen, euskarazko zinemaren historia ikertuko duen lana.

 

- Zeintzuk dira euskarazko zinemaren hastapenak?

Hori ikertu nahi dut (barreak). Zinema Euskal Herrian bi aurpegiko fenomenoa izan da. Euskal Herria askotan filmatu dute, zinemaren hastapenetik. Adibidez, zinearen historiako lehen pelikuletako bat, Lumiere anaiena, Biarritzen grabatu zuten. Ordutik, zinegile atzerritar askok Euskal Herria plato bezala hartu du. Baina aldi berean, bertako zinerik apenas dago XX. mende osoan, batez ere zinema arte garesti bat delako, arte industrial bat, eta gurea egituratu gabeko herria izanik, instituziorik gabeko herria izanik, ez du zinema-industriarik eduki. Ia XX. mende osoan gure zinema gure herriaren antzekoa izan da. Azpigaratua, idealismotik eta altruismotik sortua, eta ezezaguna.

- Ikerketan hamarkadaz hamarkadako ibilbidea marraztuko duzu. Nolako gorabeherak izan ditu euskarazko zinemak?

Zinemak herri baten historia esplikatzeko hainbat gako ematen ditu. Eta alderantziz ere, herri bateko zinema herri horretako historiari begira ulertzen da. Euskarazko zinemaren garapena gizartearen ispilu izan da. 30eko hamarkadan, Errepublikaren sasoian, abertzaletasunaren eta euskal mugimendu kultural baten (Lizardi, Lauaxeta…) gorakadari loturiko euskal zinema egiteko teorizazio eta saiakera batzuk egon ziren. Gero, 50eko hamarkadatik aurrera, euskal kultura modernizazio fase batean sartzen denean, besteak beste euskara batuaren inguruko debatea sortzen astean eta euskara euskal nortasunaren ardatz bezala abertzaletasunaren barnean jartzean, ziklo aldaketa bat dago. Jakin aldizkaria sortzen da, mundu berri bat (Gabriel Aresti, Txilardegi…), eta horri lotuta filma txiki batzuk egiten hasten dira. Adibidez, Andre Madreren ‘Gure Sor Lekua’ eta Gotzon Elortzaren lanak. 60ko eta 70eko hamarkadetan, Ez Dok Hamairu, Oteiza eta beste batzuen mugimenduari lotuta, zinema-mota bat sortuko da (Amalur eta abar), politikoagoa. Hori dena azpigarapen baten barnean ematen da. Orain dela 15 urte arte ez da sortuko euskal zinema estandar bat, ‘Aupa Etxebeste’ filmak inauguratzen duen fase berri horretan, baldintza sozial eta ekonomiko batzuk ematen direlako.

- Azken aldian ‘Handia’ eta ‘Loteak’ bezalako filmek sariak eta ospea jaso dute. Zein momentutan aurkitzen da euskarazko zinemagintza gaur egun?

Esango nuke orain gaudela euskarazko zinemaren historiaren hasieran. Orain hasi ahal da berba egiten euskal zinematografia bati buruz. Haur bat dugu esku artean eta etorkizuneko emakumea edo gizona bilakatuko dela dirudi, baina oraindik haur hauskor bat da.

- Ikerketa honek izan dezakeen interes akademikoa eta gizarte mailako interesa aipatu zen bekaren aurkezpenean. Zergatik?

Interes akademikoa eta gizarte mailako interesa lotuta doaz. Ni akademiako kidea naiz, unibertsitateko irakaslea, eta EHUn ez dago irakasgairik euskarazko zinemaren inguruan. Gainera, ikusten dut komunikazio karreterako ikasleek euskal zinemaz duten ezagutza supinoa dela. Ez bakarrik zinema historikoari buruz, baizik eta gaur egungo zinemari buruz. Baina hori horrela bada unibertsitate mailan, gizarte mailan are zabalduagoa da eta zentzu horretan ikerketak ekarpena egin dezake. Unibertsitateko testuak lehorrak eta ulertezinak izan behar direla pentsatzen joera dago, baina ni mundu guztiak ulertuko duen modu batean idazten saiatzen naiz, erakargarria izan daitekeen modu batean. Historia erakargarria dela uste dut. Zinema unibertsalari buruzko historia batzuk nobela bat bezala irakurri daitezke eta horretara egin behar dugula uste dut.