Juanma Cano eta Maite Lorenzo: “Elkarren onerako jarduten dugu, berekoikeriarik gabe, eta eszenatokian igartzen da”

Juanma Cano eta Maite Lorenzo: “Elkarren onerako jarduten dugu, berekoikeriarik gabe, eta eszenatokian igartzen da”
2020/12/13 10:48
eta kitto!
La Red Teatro antzerki taldeak ‘Los olivos palidos’ antzezlana aurkeztuko du hilaren 20an, 12:30ean, Coliseoan. Juanma Cano Federico Garcia Lorcaren azalean jarriko da eta Maite Lorenzok Frasquita Albaren papera egingo du, Garcia Lorcaren ‘Bernarda Albaren etxea’ laneko Bernardaren pertsonaia inspiratu zuen emakumea.

 

Pandemiaren ondorioz apirileko saioa bertan behera geratu ondoren, azkenean ‘Los olivos palidos’ aurkeztu ahal izango duzue. Gogotsu?

MAITE: Momentu aproposean aurkeztuko dugu, atzerapena ondo etorri zaigu. Lana egiten jarraitu dugu eta hilabete hauek aberatsak izan dira. Pena da atzerapenaren arrazoia pandemia izatea, baina, tira.

JUANMA: Eta lana Antzerki Jardunaldietan aurkeztu ez izana. Baina antzezlanak irabazi egin du, kolore gehiago eman diogu. Antzezlan bat ez da gauza bera entseguak hasten diren momentutik eszenatokira eramaten duzun unera arte. Eboluzionatzen joaten da. Pertsonaiak gehiago ezagutzen zoaz poliki-poliki eta, agian, eurek esaten dutena eza zaizu oso zuzena iruditzen eta beste modu batean esan beharko zuela  pentsatzen duzu, adibidez. Kasu honetan, eboluzio hori beste batzuetan baino luzeagoa izan da eta horrek antzezlana aberastu egin du.

 

Beraz, hilaren 20an ikusiko dugun antzezlana ez da apirilean ikusiko genuena?

J: Antzezlan bera da, baina beste ñabardura batzuk ditu.

M: Pertsonaiekin gehiago egin dugu bat eta sinesgarriagoak egin ditugu, benetakoagoak. Lan egitea asko gustatzen zaigu, sormen lana, ez bakarrik antzezlanak taularatzea.

 

Nola moldatu zarete pandemia sasoian antzezlana prestatzeko?

J: Konfinamenduaren aurretik Hezkuntza Esparruan egiten genituen entseguak. Bikain portatu ziren gurekin eta antzerkia gure eskura jarri ziguten. Gero, pandemiagatik ezarritako neurrien ondorioz, toki hura klaseak emateko behar zuten eta alde egin behar izan genuen. Orduan, Portalean eta Itzamna akademian ibili gara entseguak egiten. Bikain portatu dira gurekin.

 

Eta konfinamenduan?

M: Bakoitzak bere etxean egiten zuen lan, baina geldiunea izan genuen abuztura arte gutxi gorabehera, egoera bera ere oso bitxia izan zelako.

 

Antzezteaz gain, antzezlana sortu, prestatu, kudeatu… behar izan duzue. Nolako lana izan da?

J: Denetik egin behar izan dugu eta lan ederra izan da.

M: Juanmak Garcia Lorcari eta Bernardari buruzko obra sortu nahi zuen eta argi zuen antzezlanean bi munduren edo ikuspunturen arteko talka ikusi behar zela. Niri ideia bikaina iruditu zitzaidan, baina ez nuen Bernardarena egin nahi. Azkenean protagonista Frasquita izatea erabaki genuen, Bernarda Albaren pertsonaia inspiratu zuen pertsona, eta bere azalean sartzea lortu dut, bera ulertu dudala uste dut eta oso gustora nago.

J: Normalean geure testuak lantzen ditugu eta lanak hurbilago sentitzen ditugu.

M: Jose Luis Gonzalez ‘Poxpolok’-k idatzitako ‘El oximoron de la abuela’ lana izan zen salbuespena, baina Gerra Zibila jasan zutenen ilobak izanik, egiteko beharra sentitu genuen.

 

Lan hau ere Gerra Zibilaren testuinguruan kokatzen da?

J: Ez, hil ondorengo testuinguruan. Federico eta Frasquita hilda daude eta linbo antzeko horretan egiten dute topo. Gerra Zibilaz egiten da berba, noski, baina ez da gai nagusia.

 

Drama, komedia… nolako antzezlana da?

J: Denetik dago. Momentu umoretsuak daude, beste batzuk samurragoak, tragikoak… bizitza bere horretan, azken finean. Eta musika zuzenean eskainiko dute Nerea Ariznabarretak eta Enrique ‘El Vaca’-k.

M: Nereak pianoa jotzen du eta kutsu umoretsua ematen dio lanari, eta Enrique Bilboko flamenko gitarra-jole zoragarria da. Gero, zuzendaria Mikel Areitioaurtena da (zenbat lagundu digun!) eta Natalie Hickey ere taldean dago, ez eszenatoki gainean, baina oso lan garrantzitsua eginez.

 

Eibartarrak zarete antzezlanean parte hartu duzuen gehienak. Antzerkigintzak indarra du herrian?

M: Antzerkia egiten hainbat pertsona gaude, baina ia ez dago 30 urtez azpiko inor eta pena ematen dit. Niretzat zaila izan da Eibarren antzerkia egitea, ez dagoelako aukera askorik, eta Bilbora edo Madrilera joan behar duzu zerbait egin nahi baduzu.

J: Eibarren antzerki-eskola falta da. Gauzak egin nahi dituen jende gaztea badago, baina ez dute aukera handirik.

M: Lehen Narruzko Zezen zegoen eta lan zoragarria egin zuten, baina hortik aparte ezer ere ez. Antzerki-eskola baten beharra dugu herrian, eta ez guretzako, gazteentzako batez ere. Eskerrak Itzamna bezalako tokiak dauden. Bikain portatu dira beti gurekin, euren lokaleko ateak ireki dizkigute eta kulturarekin zerikusia duten gauzak egiteko prest daude uneoro.

 

Hainbat lan egin dituzue elkarrekin urte hauetan. Bion arteko kimika eszenatoki gainean igartzen da?

BIEK: Guztiz!

J: Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin eta gauza asko modu berean ikusten ditugu. Hala ere, gauzaren baten inguruan ados ez bagaude, berba egiten dugu eta berehala jartzen gara ados. Gozatzea da nahi duguna.

M: Gauzaren bat beste modu batean egin daitekeela eta antzezlanarentzat hobea dela uste badugu, bestea konbentzitzen saiatzen gara. Elkarren onerako jarduten dugu, berekoikeriarik gabe, eta eszenatokian igartzen da.

J: Gure artean ez dago lehiakortasunik, lagunak gara batez ere. Gainera, jende zoragarria dugu inguruan.