JULIAN IANTZI (Ahotsak-eko aurkezlea): “Eibarko Koro Gazteak emanaldi ikaragarri polita eskainiko du”

JULIAN IANTZI (Ahotsak-eko aurkezlea): “Eibarko Koro Gazteak emanaldi  ikaragarri polita eskainiko du”
2019/09/09 eta kitto!
Astelehenan, irailaren 2an, “Ahotsak” Euskal Herriko korurik onena bilatzen duen programa estreinatu zen ETB1an. Lehengo saioak izan zuen audientziarekin pozik daude arduradunak. Eibarren jakingura handia sortu da Eibarko Koru Gaztearen parte-hartzea dela-eta. Julian Iantzi aurkezleak astelehenero gidatuko ditu gelditzen diren 7 saioak eta amaierako final handia. Berak kontatu dizkigu programaren nondik norakoak eta eibartar gazteen papera lehiaketan. Bere izakera saltseroa dela eta, gauza asko ditu buruan  “El Conquis”eko aurkezleak, eta udan Australiara egin duen bidaia kontatu digu emozio handiarekin: 60. hamarkadan Australiara lanera joandako euskal diasporaren inguruko dokumental bi ditu eskuartean Kalifornian jaiotako lesakarrak.

- Astelehenan, irailaren 2an, estreinatu zenuten  “Ahotsak”. Nola erantzun du publikoak?
Oso pozik gaude. Alde batetik, koru mundua ez da erraza, ez daude telebistan agertzera eta lehian ibiltzera ohituak, eta 24 koruren parte-hartzea lortzea,  pozik egoteko modukoa da. Harrituta gaude hasierako programaren audientziarekin, katearen audientziaren batazbestekoa bikoiztu genuen, %3,4 hain zuzen ere. Kriston audientzia! Flipatzen nago!

- Hurrengo saioetan ikusiko dugunaren islada izan zen?
Oso estilo desberdinak ikusiko ditugu “Ahotsak”en: pop, rock, gospel, musika tradizionala, euskaraz, erdaraz, frantsesez, ingelesez… Egia da lehenengo programan nahiko kantu lasaiak entzun genituela, baina aurrerago ikusiko denez batzuk oso gauza potente eta diferenteak egiten dituzte.

- Eibarko Koro Gaztea ere hor ikusiko dugu.
Bai horixe! Oraindik ezin dugu zehaztu zein saiotan azalduko diren eibartarrak. Eurak hastekoak ziren, baina azken momentuan ordena aldatu zuten. Azken egunetan beste aldaketaren bat egin dute eta gaur, irailak 9, Gasteizko gala emango dute. Atarrabia, Trapagaran eta Getariako (Lapurdi) abesbatzak izango dira lehian. Beraz, eibartarrak ikusteko apur bat itxaron beharko duzue. Grabazioak Sanjuanak aurretik egin ziren –dena grabatuta baitago– eta Eibarkoak Elorrioko galan egon ziren beste bi korurekin lehiatzen. Aurreratu dezaket oso saio potentea izan zela eta eibartarrak ederto aritu zirela. Emanaldi ikaragarri polita eskaini ziguten. Abestu zuten bigarren abestiak oilo-ipurdia jartzen du. Esango nuke programa osoko onenetako izan zela. Ikusiko duzue! Ezin duzue galdu!

EIbarko Koro Gaztea Programako bideoklipak estetikoki oso erakargarriak dira. Argazkian, Eibarko Koro Gaztea.

- Leku desberdinetan grabatutako 8 gala izango dira. Eta azkenik, final handia.
Astero leku ikusgarri batean  izango gara (Bermeon izan ginen astelehenean, eta aukeratutako beste lekuak Zarautz, Ordizia, Hernani, Elorrio, Lekeitio, Lizarra eta Gasteiz izan dira). Gala bakoitzean 3 talde lehiatuko dira eta bakoitzak 3 kantu eskainiko ditu: lehenengo biak eurek aukeratutako leku batean grabatutako bideoklipak dira, oso ondo landutakoak, eta hirugarren kanta galako egunean bertan eskaintzen dute. Azken interbentzio hori da erabakigarriena irabazteko lehian. Dena eman behar dute hor. Final handia Donostiako  Saguesen izango da.

- Oraingoan zu ez zara programako “gaiztoa”. Horretarako Hibai Etxebarria musika aditua jarri duzue…
Hibai da honetan aditua eta berak ikusten ditu guk ikusten ez ditugun gauza asko. Alde teknikoak berak kontrolatzen ditu, eta gauza asko hartzen ditu kontuan. Enpastea, esate baterako, zer da hori? (jajaja). Dena dela, berari esker asko ikasten ari naizela esan behar dut. Kriston meritoa daukate koruek. Biren artean abestea ez da erraza, ba pentsa 10, 15 edo 20 lagunen artean.

- Emakume asko ikusi genituen aurreneko programan.
Era askotako taldeak ikusiko ditugu lehiaketan, baina konklusioa da emakumeak aritzen direla gehienbat koruetan. Gizonezkoek kuadrilan eta talde txikietan abesten dute, baina koruetan ez dira larregi animatzen. Askotan ahots grabeak faltan botatzen dira. Gazteen artean Euskal Herrian oso talde potenteak daude. Eibarko Koro Gaztea ikustea besterik ez dago. Hain gazteak eta ze ondo abesten duten!

- Erronkak gustatzen zaizkizu zuri…
Musika saioetan ibilitakoa naiz, baina koruen mundua deskubrimendu bat izan da. Gure asmoa koru mundu hau ezagutzera ematea da. Telebistari esker lortzen badugu koruei bultzada ematea, perfekto! Azkenean musika gauza ederra da, musikak batzen gaitu. Gure etxean musikarekiko zaletasun handia izan da beti, eta asko abestu dugu. Baina, egia esan, nire aita izan zen artzaina eta ni ardi beltza, eta abesteko ahaleginak egin ditudan arren beti izan naiz “pakete” bat.

- “Ahotsak” alde batera utzita, berriki Australian izan zara, 60. hamarkadan bertara lanera joandako euskaldunei buruzko dokumental batzuk egiten ETBrako.
Garai hartan euskaldun asko azukre-kañabera edo tabakoa lantzera joan ziren Australiara. Nire aitaren moduan Ameriketara joan ziren artzainei buruz asko dakigu, baina Australiakoaz gutxi hitz egin da. Memoria historikoa berreskuratu nahi dugu. Euskal Australiar Elkarte bi sortu dira Euskal Herrian, bat Nafarroan eta bestea Bizkaian. 18 eguneko bidaia egin dugu 50 lagunek, euren guraso eta aiton-amonak joan ziren lekuak ezagutzeko bidaia. Cairnsen hasi da eta Sydneyn bukatu dugu. Inghan, Townsville, Ayr, Home Hill eta Brisbanetik pasatu ondoren. Laneko bidaia izan da, baina baita turistikoa ere, eta batez ere oso emozionantea. Dokumentalak ETBn ikusi ahal  izango dira.

Eibarko Koro Gaztea-2 Eibarko Koro Gaztea “Ahotsak”-en ikusiko dugu, Euskal Herriko beste 24 talderekin batera.