Kantuan emango diote amaiera Elgoibarren Euskaraldiari

Kantuan emango diote amaiera Elgoibarren Euskaraldiari
ETA KITTO 2022, Aza 25

Hasi dantzan hasiko da Euskaraldia Elgoibarren, ‘Esazu hitz bat … Herri-dantza!’ egingo baitute azaroaren 19an, Kalegoen plazan. Eta, Euskaraldiari emango dioten amaiera nolakoa izango den ere aurreratu du Elgoibarko Euskaraldia Taldeak.

“Euskaraldia abenduaren 2an bukatzen bada ere, abenduaren 1ean egingo dugu amaiera ekitaldia Elgoibarren, eta gainera, kantuan”, azaldu dute. Elgoibarko Udalak, Elgoibarko Euskaraldia Taldearekin elkarlanean, Jon Maiaren ‘Kantu bat gara’ kontzertua antolatu du abenduaren 1ean, eguena, 19:00etan, Herriko Antzokian.

30 urte dira Jon Maia bertsolariak bere lehenengo kantak idatzi zituela, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako. Ordutik, Maiak Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde eta abeslarirentzat idatzi ditu kantuen hitzak: Negu gorriak bera, Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken zazpi eta abar luze bat. Horietako kantu asko eta asko jendearen gogoan geratu dira dagoeneko: Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenbiziko bala, Nirekin, Non geratzen den denbora, Eskuetan, Itsasoa gara, Zaharra zara Bilbo eta abar.
30 urteko letragile ibilbide oparoa ospatzeko, bere hainbat kantu ezagunen bertsioak jasotzen dituen Kantu bat gara izeneko liburu-diskoa atera du, eta zuzeneko emanaldiak ematen dihardu, goi mailako musikariez inguratuta: Pello Ramirez, Gorka Hermosa eta Nacho Soto.
Kantu bat gara emanaldia berezia izango da: Jon Maiak euskal kulturaren, historiaren eta identitatearen ikuspegi partikularra zabaltzen du bere kantutegiaren bidez, “hitzaren emozioa kantu bihurtuz eta publikoaren konplizitatea bilatuz beti”.
“Euskaraldia ekimenari bukaera ezin hobea emateaz gain, ezin dugu ahaztu hortxe izango dugula Euskararen Eguna ere ate joka. Abenduaren 3an izango da Euskararen Eguna, baina aurten zubi luze baten hasiera eguna denez, Elgoibarren aurretik ospatuko dugu egun hori, jakin badakigu eta ezin dugula egun bakarrera mugatu euskararen aldarrikapena, egunerokoa baitugu euskaraz bizitzeko nahia”, azaldu dute antolatzaileek.
Hortaz, herritarrak animatu diztuzte abenduaren 1eko kontzerturako, eta Jon Maiarekin batera, kantu bidez euskararekin gozatzera.
Sarrerak salgai jarriko dituzte azaroaren 12an, 12.00etatik aurrera.

KBG kartel

KANTU BAT GARA Jon Maia

  • ABENDUAK 1 – 19:00etan Elgoibarko Herriko Antzokian

SARREREN PREZIOA:

  • Orokorra: 10 euro
  • Gazte txartelarekin: 3 euro

SARRERA SALMENTA: https://herrikoantzokia.eus (larunbatero, leihatilan 18:15etik 20:45era, eta egunean bertan, gelditzen badira).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »