Kike Amonarriz: “Helduok euskera erabiltzen badugu, gazte eta umeen erabilerak gora egingo du”

Kike Amonarriz:  “Helduok euskera erabiltzen badugu, gazte eta umeen erabilerak gora egingo du”
2017/12/26 eta kitto!
Jende ugari bildu zen abenduaren 19an Ebarko udaletxeko patioan Kike Amonarriz soziolinguistaren inguruan, Akebai taldeak antolatutako “Euskara bidegurutzean, baita Eibarren ere!” hitzaldian. Amonarrizek eskainitakoarekin “Hamaika Berbaldi” egitasmoa abiatu da. Asmoa, orain hasi eta 2018ko azarora bitartera 11 hitzaldi, tertulia edota mahainguru egitea da, besteak beste euskararen aldeko diskurtsoa berritzeko, euskaraz bizi nahi dugunok ahalduntzeko, euskaraz bizi ez den jendearengana ailegatzeko eta “11 egun euskaraz” Euskal Herri mailako egitasmorako eibartarrak martxan ipintzeko.

Akebai herri-plataforma eta, horren baitan, Kikeren hitzaldia bera ere azken aldian hainbat herritan ikusten ari den jakinmina eta ilusioaren adibide dira Kike Amonarrizentzat: “sorpresa asko hartzen ari naiz azken bolada honetan. Zerbait berria zabaltzen ari dela ikusten dut. Hemen ere, Eibarren, kezka baino ilusioa ikusten dut. Beraz, animo!!!”.

Euskarak momentu berezi bat bizi duela eta diskurtso sinbolikoetatik alde eginez, urrats praktikoetara pasatzeko unea dela azaldu zuen tolosarrak, “euskararen erabileran pausoak emateko garaia iritsi da. Ezinbestekoa da ahalmen hori aktibatzea eta pauso kualitatibo zein kuantitatiboak ematea. Euskararen alde egotetik, alde egitera pasatzeko unea da”.

Eibarren biztanlegoaren erdiak euskaraz daki; erabilera, aldiz, erdira jaisten da. Umeen %50k erabiltzen du, gazteen %25k eta helduen %20k. Kike Amonarrizek argi eta garbi azaldu zuen helduek ere daukagula erantzukizuna. “Zer egin behar dugu helduek ejenploa emateko? Hori da gakoa. Gure belaunaldiari dagokio aldaketa, ilusioa sortzea”.

Hizkuntzaren galerari buruzko paradigma ezagutzen dugu eta asko idatzi da horretaz, “baina begiratu dezagun biziraupenaren paradigmatik. Nola liteke prestigiorik eta botererik izan ez duen hizkuntza bat bizirik egotea? Milioi batetik gora pertsona gaude munduan euskaraz berba egiteko kapaz. Zergatik ikusten dugu gure burua hain txiki? Proiekzio sozial mundiala dauka euskarak eta erreferentzia bihurtzen ari gara munduko beste hizkuntza gutxituentzat. Bizirau-pena bermatuta dagoela esan genezake, baina ez normalizariori begira, horretarako baliabideak eta erabaki politikoak behar dira”.

Eibarren AKEBAI
Espazioak irabaztearen eta diskurtsoa berriztearen garrantziaz ere egin zuen berba Kike Amonarrizek, “euskarak ezin ditu `txokoak´ izan, denean egon behar du”. Eta zentzu honetan, AKEBAI bezalako iniziatibek ekarpen handia egin dezaketeela adierazi zuen. Bizikidetza, identitatea, berdintasuna, aniztasuna, erantzunkizuna, justizia eta errespetua bezalako baloreak azpimarratu zituen: “Ez dugu biziraun nahi, baizik eta ondo bizi nahi dugu. Aniztasunean, beste hizkuntzak aintzat hartuta eta konplizitatearen ikuspegitik lan egin nahi dugu, eta enpresa eta erakundeen agendaren erdigunean egon behar da euskara”.

Hainbat aholku eman zizkien han bildutakoei: ohiturak sortu behar dira, erabaki pertsonalak hartu (lehen hitza euskaraz) eta, bestetik, norberaren euskara prestigiatu. “Eibartarrak oso harro zaudete zuen euskararekin eta hori oso inportantea da”.

kike amonarriz14