Korrika girotzeko festa Gaztetxean

Korrika girotzeko festa Gaztetxean
2017/04/03 eta kitto!
Korrika herrira iritsiko da barixakuan, hilaren 7a, eta Gaztetxeak hainbat ekimen antolatu ditu euskararen aldeko lasterketari harrera beroa emateko: mozorro prestaketa, korrikaldia eta kontzertua.

Berotzen hasi eta lekukoa festa giroan jasotzeko, mozorro prestaketa hasiko da 22:00etan. ‘Zirkoa’ gai moduan hartuta, bertara eramandako mozorrorako gauzekin jantziko dira hara hurbiltzen direnak.

23:00etan ailegatuko da korrika egiteko momentua Gaztetxe parean, eta Eibarko Gazte Mugimenduak eramango du lekukoa (Ernai, Nalua, Gazte Asanblada eta Jaixak Herrixak Herrixandako).

Horren ostean, 00:00etan, Mugi Panderoa taldeak kontzertua eskainiko du euskararen aldeko ezinbesteko zita honi amaiera polit eta alaia emateko.