Lexikoiaren jendaurreko irakurketa jarraitua egingo da Euskararen Egunean

Lexikoiaren jendaurreko irakurketa jarraitua egingo da Euskararen Egunean
2012/11/13 00:00
eta kitto!

Gaur (martitzena, hilak 13) aurkeztu dute prentsaurrekoan abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunerako antolatutako egitaraua. Aurkezpenean Esther Kareaga Euskara-Kultura zinegotzia, Carmen Larrañaga Ego-Ibarra batzordeburua, Junkal Txurruka Euskara teknikaria eta Igone Lamarain …eta kitto! Euskara Elkarteko presidentea izan dira. Aurten Toribio Etxebarria eta bere lana izango dira Euskararen Eguneko ardatz nagusia eta horrek islada dauka prestatu dituzten ekitaldietan. Abenduaren 3an goizeko 09.00etan hasi eta 19.00ak arte udaletxeko pleno aretoan Lexikoia-ren jendaurreko irakurketa egingo dute herriko erakunde eta elkarteetako ordezkariek. Horrekin batera, egun osoan proiekzioa eskainiko dute han bertan eta euskararen hormairudia osatuko da, egunean zehar jendeak idatzi eta margotutakoekin. Irakurketa amaituta, Toribio Etxebarriari buruzko mahaingurua hasiko da, bere figura eta lana oso ondo ezagutzen duten hiru lagunen eskutik: Serafin Basauri, Antxon Narbaiza eta Asier Sarasuarekin. Horrekin batera, egun horretan bertan 11.00ak aldera Txirio Kalen, Toribio Etxebarria jaio zen etxearen fatxadan bera gogoratzeko plaka ipiniko dute. Bestalde, aurreko astean abiatutako lehiaketak azaroa osoan jarraipena izango duela gogoratu dute.