Liburu eta Disko azoka Untzagan zabalik

Liburu eta Disko azoka Untzagan zabalik
2014/10/17 eta kitto!

Gaur goizean (barixakua, hilak 17) zabaldu dute hilaren 26ra arte Untzagan (jubilatuen aldean) martxan egongo den Eibarko Liburu eta Disko Azoka eta, aurretik, azokaren ingurukoak kontatzeko prentsaurrekoa eman dute Kulturako arduradunek, azokaren antolatzailea den Euskadiko Liburu Azoken Batzordea ordezkatzera etorri den Asier Muniategirekin batera. Aurten tokiz aldatu dute azoka eta, udaletxeko plazan barik, jubilatuen aldean ipini dituzte hamairu postuak. Azoka goizez (11.00etatik 13.30etara) eta arratsaldez (16.30etatik 20.00etara) zabalduko dute eta asteburuetan ordu erdi gehiago zabalduko dute. Urteroko martxari jarraituta, azokan salgai dauden liburu eta diskoak %10eko deskontuarekin erosteko aukera izango da eta azokan bertan Idatzietatik kantuetara erakusketa ipini dute ikusgai.
Liburu aurkezpena
Azokaren harira, bestalde, hainbat jarduera antolatu dituzte: datorren martitzenean 19.00etan Markos Gimeno Vesgak 131 aza palindromo ariketen liburua aurkeztuko du Portalean. Lana "crowfunding" bidez finantzatutako autoedizioa da eta aurtengo maiatzean eman zuen argitara "IPC- Club Palindromista Internacional" eta "Movimiento Literario Palindromico ReveR" taldeetako kide aktiboa den egileak. Liburuan 9 letrako palindromoetatik hasi eta 97 letra arterako testu simetrikoak topatuko ditu irakurleak, "proposatzen den jolasean sartzen ausartuz gero". Jolas hori zerorajasoa.com blogean hasi zen, ia blogaren sorreratik, 2007an eta, egilearen berbetan, "palindromo ariketek garapen bat izan dute harrezkero, hasierako jolas informala zena denborarekin asteleheneroko 'aza' bilakatu da. Asteroko jolasa izan da, eta hala jarratitzen du, interneten. Liburu hau, azken urteotako blogaren jarduneko bilduma da, ariketa berri batzuk gehituta". Horrekin batera, eguaztenaz geroztik eta urriaren 30era arte liburuaren egileak 11 hizpilu erakusketa dauka ikusgai Portalea tabernan.