Liburutegian hizkuntzak ikasteko aukera

Liburutegian hizkuntzak ikasteko aukera
2012/11/15 00:00
eta kitto!

Euskadiko liburutegi publikoek, tolerantzia eta kultur integrazioa sustatzeko Liburutegiak Topaleku ipini dute abian. Juan San Martin Liburutegitik azaldu digutenez, "baliabideak, materialak eta informazioa, Liburutegiak eta Kulturaniztasuna taldeak lantzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak koordinatuta eta gu talde horretako partaide garenez, Hernaniko Liburutegiarekin batera gida bat prestatu dugu, 'Gure hizkuntzak ikasteko aukera... Liburutegian' izenburupean".
Helburua atzerritarrei gure hizkuntzak ikasteko beste aukera bat gehiago eskaintzea da eta gida 5 ataletan sailkatu dute: hiztegiak, elkarrizketarako gidak, gure hizkuntzak ikasteko metodoak, irakurgai mailakatuak eta haur eta gazteentzako metodoak. Gidak zein liburutegiak eskainitako zerbitzuak ezagutzera emateko, bisita gidatuak antolatuko dituzte. Parte hartu nahi dutenek biblioteca@eibar.net helbidera mezua bidali, 943 70 84 37 telefono zenbakira deitu edo http://www.bibliotecaspublicas.es/eibar/visitas.htm helbidean inprimakia bete dezakete.
2009az geroztik, Kutxatik hizkuntzak ikasteko materiala erosteko diru-laguntza jasotzen hasi zirenetik, horrelako materialen maileguak etengabe gora egin duela diote: "2009an beste hizkuntza batzuetako materialen mailegua % 7koa izan zen eta iaz bataz bestekoa ia %10era igo zen".