Lolita Floresek zabalduko ditu aurtengo Antzerki Jardunaldiak

Lolita Floresek zabalduko ditu aurtengo Antzerki Jardunaldiak
2020/01/09 eta kitto!
Otsailaren 26an hasiko da Eibarko Antzerki Jardunaldien XLIII. edizioa, ohiko hitzaldi-solasaldiarekin, eta apirilaren 2ra arte iraungo du. Inaugurazio-ekitaldian Lolita Floresek hartuko du parte, hurrengo egunean antzeztuko duen “La fuerza del cariño” lanean antzezkide izango duen Luis Mottolarekin batera.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere aktore oso ezagunak ekarriko dizkigute Jardunaldiek: Imanol Arias, Adriana Ozores eta Luis Piedrahita, besteak beste. Euskal konpainiei dagokienez, Vaiven, Artedrama, Tartean, Ados Teatro, Marie de Jongh eta Cancamisa egongo dira eta, horiekin batera, Sevillako Atalaya konpainia, Histrion granadarra, Galiziako Pistacatro eta Chevere, Electrico 28 eta Kataluniako Brodas Bos dantza urbanoen konpainia ere etorriko dira. Gainera, omenaldia egingo zaio Txema Cornagorekin batera jardunaldiak sortu zituen Juan Ortegari eta edizio honetarako kartela, berriz, Iñaki Larrañaga artista eibartarrak egin du.