Mari Karmen Etxebarria: “32 urtetan nire bizitzako parte bat izan da Sostoa Abesbatza”

Mari Karmen Etxebarria: “32 urtetan nire bizitzako parte bat izan da Sostoa Abesbatza”
2016/11/28 eta kitto!
Aurreko zapatuan Sostoa Abesbatzako Mari Karmen Etxebarria omendu zuten Untzaga Plaza hotelean egin zen afari-omenaldian. 80 lagun inguru elkartu ziren gehienak koristak eta korista ohiak. Mari Karmenek 32 urte luze egin ditu Jesus Mari Sagarnarekin batera Sostoa Abesbatza zuzentzen, eta hemendik aurrera bizitzako beste etapa bati ekingo dio. Omenaldian elkartuko diren musikazaleek Santa Zezilia eguna ospatuko dute Mari Karmenen ondoan, eta sorpresak eta malkoak ez dira faltako, seguru. Egun batzuk lehenago berarekin egon ginen.

- 32 urte egon zara Sotoa Abesbatzari lotuta. Bihar omenaldia egingo dizute. Zelan sentitzen zara?
Niri horrelako gauzak ez zaizkit asko gustatzen. Ez dakit bihar zer egingo didaten, eta ez dut jakin nahi. Emozionatu egiten naiz. Niretzako Sostoa Abesbatza oso inportantea izan da eta jarraitzen du izaten. Otsailean, Santa Ageda egunean laga nuen korua. Bizitza osoan musika irakasle moduan jardun dut lanean: lehenengo klase partikularrak ematen eta gero musika eskolan. Orain dela 11 urte jubilatu nintzen, baina astean bi aldiz Eibarrera etortzen jarraitu dut, Sostoa Abesbatzarekin lan egiteko.  Azken urteotan Beasainen bizi naiz, eta azkenean, negu gorrian esaterako, gogorra egiten zaitzaidan Eibarrera etortzea. Hala ere, harremanetan jarraitzeko asmoa daukat. Orain dela gutxi Iurretan egon ginen kontzertu bat ematen. Hurrengo Santa Agedako kontzertua beti bezala zuzentzea espero dut, zelan ez! Ni ezin naiz Sostoa gabe bizi. Korurik gabe zerbait falta zaidala sentitzen dut.

- Beraz, Sostoarekin harremanetan jarraitzeko asmoa daukazu.
Korurik gabe zerbait falta zaidala sentitzen dut, eta ez dut uste korutik atera naizenik. Hau beste etapa bat da. Betidanik izan dut bitalidade handia, eskilarak oraindik antxitxiketan igotzen ditut… baina ez naiz bat ere gaztea. Ez dut uste koruarekin harremanak galduko ditudanik. Hasieran “exzedentzia” antzeko bat eskatu nuen. Azken aldian bidaia asko egin ditut: Berlin, Italia, Kanariar irlak, Islandia… Lagunekin eta familiarekin bidaiatzea gustatzen zait. Baina Jesus Marik ordezkoa behar duenean ni hor egongo naiz.

- Zer eman dizu Koruak?
Koruak poztasun handiak eman dizkit, baina baita etsipena ere. Gauzak ilusio handiarekin prestatzen dituzunean eta ez direnean zuk pentsatzen duzun bezala ateratzen… amorrua sentitzen duzu. Koruan jende zoragarria ezagutu dut. Beti egon da giro ona, eta leku askotan egon gara: Erroman Aita Santuaren aurrean kantatzen, Vienan, Parisen, Pragan… Lehiaketetan parte hartu izan dugu eta sari onak irabazi izan ditugu. Orain lehen baino gutxiago ateratzen gara. Gaur egun lan arloan bizi dugun egoerak ez du bat ere laguntzen, irteerak programatzea askoz ere zailagoa da. Bai Sostoan bai musika eskolan izan nituen koruan eta umeen bandan beti egon naiz jendearekin harremanetan, eta hau niretzako oso atsegina da. Zelan beteko dut Sostoaren hutsunea? Ez dakit. Ez da bakarrik kantatzearen kontua, jendearekin egin ditudan harremanak dira. 32 urte dira, astean bi bider.. Sostoako batzuk nirekin batera hasi ziren. Nire bizitzako parte bat izan da Sostoa eta nire senarrak oso ondo ulertu du hau.

- Bizitza guztia musikaz inguratuta… zelakoak izan ziren hasierako urteak?
Jaiotzez gernikarra izan arren, 12 urte nituenean etorri nintzen Eibarrera bizitzera. Gernikan beti egon da musika zaletasun handia. Nire etxean denok ikasi dugu musika. Aittitta Guillermo organista zen Ereñon. Nire  amak, oso ondo abesteaz gain, pianoa jotzen zuen. Sei anai-arreba gara eta denok ikasi dugu pianoa, eta beste ahizpa batek eta nik piano karrera daukagu. Denbora guztian kantatzen ibiltzen ginen etxean, bi ahotsetara gainera, ama soprano moduan eta ni kontralto. Oraindik, Gabonetan anaiaren etxean elkartzen garenean, familia guztia kantatzen aritzen gara. Nire ahizpa txikiak nirekin ikasi zuen. Gernikan jaio arren, ni beti sentitu naiz eibartarra; herri hau zoragarria da. Hasieran piano klase partikularrak eman nituen. Orain, denbora pasatzerakoan, batzuekin gogorra izan naizela konturatzen naiz, oso exijentea izan naiz. Donostiako kontserbatoriora joaten ginen azterketak egitera, eta han, bost minututan, urte osoan ikasitakoa demostratu egin behar zuten ikasleek, epai-mahai baten aurrean. Presio handia zegoen. Oso ondo prestatuta eraman behar zen dena, oso gogorra zen. Batzuekin garai hartan gogorregia izan nintzen, hori bai, oso nota onak ateratzen zituzten! Musika eskolan desberdina izan zen, ez dauka zerikusirik, ez dago horrelako presiorik.

- Jesus Mari Sagarnarekin batera hasi zinen eta berarekin jarraitu duzu elkarlanean urte guzti hauetan.
Jesus Mari eta ni aspaldiko lagunak gara. Pianoaz gain, zeharkako flauta eta konposizioa ikasi nuen, eta Jesus Mari eta Antton Valverderekin Donostiara joaten nintzen Escuderorekin konposizioa ikastera. Beraz, gure arteko harremana aspaldikoa da. Elkarrekin hasi ginen koruan 1984an. Santa Ageda eguna zen, entsaioak Udaletxean izaten ziren. Urte guzti hauetan Jesus Mariren laguntzailea izan naiz. Berak ezin izan duenean egon, hor egon naiz ni. Inoiz ez naiz gutxiago sentitu, berarentzako ni beti izan naiz berdina, eta beti izan dut oso tratu ona. Koruaren aldetik ere beti errespetu osoa sentitu dut. Kontzertuak Jesus Marik zuzendu ditu beti eta ni irteeretan eta kaleko kontzertuetan ibili naiz gehiago. 32 urtetan ez dut huts egin. Entsaioak taldeka egiten genituen (tenoreak, sopranoak, baxuak, kontraltoak), eta ni beti baxuen taldeaz arduratu naiz. Asko akordatzen naiz “nire” baxuekin. Kabreoak ere izan ditut, erritan egin izan diet, baina oso ondo konpondu gara. Eurekin oso harreman berezia daukat, eta korukoak ohituta daude; badakite ni kanpora noanean eurendako opariren bat ekarriko dudala.



mari-karmen-alemania

mari-karmen-taldea