“Mesoamerikako Defendatzaileak” argazki erakusketa ikus daiteke Untzagako jubilatu etxean

“Mesoamerikako Defendatzaileak” argazki erakusketa ikus daiteke Untzagako jubilatu etxean
2022/10/06 eta kitto!
Urriaren 2a Indarkeria Ezaren Nazioarteko Eguna dela eta, Udaleko Kultur Aniztasunak, Lumaltik Herriak elkartearekin batera, “Defendatzaile Mesoamerikarrak” argazki erakusketa antolatu du. Urriaren 16ra arte egongo da ikusgai, Untzagako jubilatuen etxean. Antolatzaileen berbetan, “erakusketak hainbat irudi hurbildu nahi dizkie eibartarrei, Erdialdeko Amerikako defendatzaileen eta haien kolektibo, erakunde eta komunitateen lana aitortzeko”. Aste barruan 19:30etik 21:30era zabalduko dute eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.

Antolatzaileek diotenez, “gero eta bortitzagoa dirudien mundu batean bizi gara. Urtero 1,6 milioi pertsonak  indarkeria-ekintzaren batean bizia galtzen dutela kalkulatzen da. Mota ohikoenak emakumeen aurkako indarkeria edo genero-indarkeria, arraza-indarkeria, erlijio-indarkeria, indarkeria homofoboa eta neurri txikiagoan indarkeria kriminala dira. Gehienetan, indarkeriara jotzeko arrazoia tolerantzia falta eta besteekiko ulermen eza izaten dira”.

Emakumeen Giza Eskubideen Defendatzaileen Mesoamerikako Ekimenak 2010ean hasi zuen bere lana Mesoamerikan emakumeen aurkako eta giza eskubideen defendatzaileen aurkako indarkeriaren areagotzeari erantzun integrala eta eskualdekoa emateko. Kolektibo Feministak osatutako artikulazioa da, Tokiko Garapena (El Salvador), Oaxakako Elkarrizketa Parlamentariorako eta Ekitaterako Patzuergoa (México), JASS-Mesoamerica  eta El Salvador, Honduras, Mexiko eta Nikaraguako emakume defendatzaileen sare nazionalak osatzen dute. Elkarrekin 2.000 giza eskubideen emakume defendatzaile baino gehiago dira.

Gaur egun, IM-Defensorak erakunde eta mugimendu sozial ezberdinetan parte hartzen duten defendatzaileak sendotu eta lotu nahi ditu, haien arteko babes eta elkartasun sareak sendotzeko eta giza eskubideen alde egiten duten lanaren ikusgarritasuna, aitortza eta eragina areagotzeko.