Miguel Rodriguez, argazkilaria: "Euskal Herrian oso argazkilari onak daude"

Miguel Rodriguez, argazkilaria: "Euskal Herrian oso argazkilari onak daude"
2020/07/10 eta kitto!
Deporreko Argazki Taldeak apirilerako prestatu zituen erakusketak bertan behera geratu ziren koronabirusaren eraginez, baina, atzerapenarekin bada ere, uztailaren amaierara arte Bilboko Zuri Beltza Argazki Taldearen erakusketa ikusi ahal izango dugu Ambigu, Depor eta Portalea tabernetan.

 

Zelako erakusketa prestatu duzue?

Elkarteko kide ezberdinek egindako argazkiak aurkezten ditugunez, mota askotako argazkiak ikusi ahal izango dira. Erretratoak, makroak, paisaiak, industria-argazkiak… Sorta zabala eskaintzen dugu.

 

Zelakoa da Zuri Beltza Argazki Taldearen jarduna?

Gure elkartea 1998an sortu genuen eta nahiko txikia da. Hala ere, taldeko hainbat kidek sariak jaso ditugu Espainia mailan eta nazioartean, batzuk oso garrantzitsuak. Pedro Luis Ajuriagerrak, Juan Ramon Larroceak eta beste kide batzuek sariak lortu dituzte Indian, Dubain eta hainbat tokitan, eta euren argazkiak mundu guztian egon dira ikusgai. Ajuriagerrak, adibidez, Art of Building saria jaso zuen iaz Londresen, Valentziako Arte eta Zientzien hiriko argazki batekin, eta Valentziako Arte eta Zientzien Hirikoek argazkia erabiltzeko eskaera egin diote. Bestetik, hainbat erakusketatan epaile lanak egin ditugu.

 

Demaseko maila dago taldean orduan!

Gutxi gara, baina emaitza onak lortu ditugu. Gainera, Euskadiko Argazkilaritza Ligan parte hartzen dugu eta 6. postuan gaude orain, Eibarko Klub Deportiboaren aurretik. Ligan elkarteko lau pertsonak bakarrik parte hartzen dugula kontuan izanda, ez da gutxi.

 

Zelakoa da lehiaketa?

Lehiakide bakoitzak argazki bat aurkezten du hilero eta epaileek puntuatu egiten dituzte. 170 lehiakide inguruk hartzen dugu parte.

 

Ligan lehia egon arren, nolako harreman duzue Deporrekin?

Oso ona! Urtero batzen gara Euskadiko Argazkilaritza Federazioaren batzarrean. Turismoa egiteaz gain, tailerrak egiteko aprobetxatzen dugu eta, nola ez, ondo bazkaltzeko. Aurten, koronabirusagatik, azarora arte atzeratu behar izan da batzarra.

 

Nolako argazkilaritza maila dago Euskal Herrian?

Oso argazkilari onak daude Euskal Herrian. Hainbat Argizaiola sari jaso dituzte hemengo argazkilariek eta kontuan izan behar da nazioarteko ospea duen saria dela.

 

Itxialdiaren ondoren erakusketak egin ditzakezue berriz. Gogoa zenuten?

Eibarko erakusketa apirilean egin behar genuen, baina itxialdiaren ondorioz atzeratu egin behar izan genuen. Poliki-poliki martxan jarri gara berriz erakusketekin, beraz, pozik.

 

Argazkiak egiteaz gain, argazkiak erakustea garrantzitsua da zuentzat?

Garrantzitsua da jendeak argazkiak interpretatzea, baloratzea eta gozatzea. Euskadiko Argazkilaritza Ligan, adibidez, federatu guztiek ikusten dituzte argazkiak eta hori ondo dago, gure artean hartu-eman polita sortzen delako. Gu, behintzat, oso gustora gaude.

Zuri Beltza Argazki Taldea12