Mikel Martinez, aktorea: “Sanoa da gure kontraesanak eta argi ilunak onartzea eta haietaz barre egitea”

Mikel Martinez, aktorea: “Sanoa da gure kontraesanak eta argi ilunak onartzea eta haietaz barre egitea”
2021/03/11 eta kitto!
Mikelotek eta Pantxok, Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak, ibilbide fantastikoa egiten dute Euskal Herrian zehar ‘Ez dok ero’ antzezlanean. Euskal kultura, antzerkia eta gizartea izango du mintzagai bikoteak, ohiko kutsu umoretsuarekin. Euskal antzerkiaren ‘road movie’ eroa Coliseora iritsiko da hilaren 16an, martitzenean, 19:00etan.

 

Mikelotek eta Pantxok On Kixote eta Santxo Panzaren irudia ekarriko digute, baina nola?

Ez Dok Hiru Bikoteatroaren formatua jarraituz antzezlan batzuk egin ditugu Patxok eta biok eta gutaz, gizarteaz eta abarrez egiten dugu berba. ‘Ez dok ero’-n are gehiago egiten dugu gutaz berba, euskal antzerkiaz alegia. Eta hortik abiatuta, euskal kulturaz. Antzezlanaren momentu batean azaltzen dugu euskal kultura zaharkituta dagoela, jendea aspertuta dagoela gure antzerki-motarekin eta pertsonaia biak erretiratzekotan daude. Patxok argi du erretiratu behar dugula, baina ni zoratu egiten naiz, antzerki-liburu pila bat irakurtzen ditudalako, eta On Mikelote Arintzanokoa naizela diot (Arintzanon jaio nintzelako), euskal antzerkiaren teatrero ibiltaria. Bera, Patxo, On Pantxo izendatzen dut, nire Pantxo fidela. Orduan, bidaia zoroa egitera irteten gara, ni oso konbentzituta eta Pantxo bat ere ez. Toki askotatik pasatzen gara (Durangoko Azokatik, Arantzazutik, Donostiako danborradatik…) eta toki guztietan porrot egiten dugu.

 

Gure kultura, historia… serioegi hartzen ditugu?

Bai, eta ondo dago serio hartzea, baina ondo dago baita ere gauza serio horiekin barre egitea eta horien kontraesanak eta argi ilunak onartzea. Sanoa iruditzen zaigu. Adibidez, antzerki-mota honekin hasi ginenean, ‘Euskara sencilloaren manifiestoa’ antzezlanarekin, munduko euskaldun-berri zaharrenak ginen eta oso haserre geunden euskararekin, AEK-rekin, Euskaltzaindiarekin… eta demaseko esajerazioak botatzen genituen maitasun handiz.

 

Beste bidaia askotan bezala, Patxo Telleria duzu bidaide oraingoan ere. Nolako bidelaguna da?

Lehenik eta behin, ez dakit jendeak dakien, baina uste dut Euskal Herriko antzerkian dugun harribitxia dela. Dramaturgo itzela da. Luxua da hainbat urtetan berarekin lan egin ahal izatea. Bestetik, bioi gustatzen zaigu umore mota hau. Berak idazten du, ideia nagusiak ezartzen ditu, eta gero, elkar oso ondo ezagutzen dugunez, ekarpenak egiten ditut. Gainera, eszenatoki gainean gaudenean konplizitate handia dugu, gustoko dugulako egiten duguna.

 

Antzezlan honetan asko ezagutzen duzuen gaia lantzen duzue, euskal kultura. Nola bizi izan duzu euskal antzerkiaren barruan egindako bidea?

1984. urtearen inguruan hasi nintzen antzerkian eta sasoi hartan oso gauza gutxi egiten ziren euskaraz. Are gutxiago euskara hutsez. Euskaldun berriak izateagatik, militanteagoak ginela izan daiteke agian. Euskara hutsez jarduten zuen Bilboko antzerki-talde bakarra ginen. Nik medikuntza ikasketak egin nituen eta ez nuen antzerkian aritzeko asmorik, baina euskara ikasten eta militatzen hasi nintzenean antzerkiaren bidea hartu nuen. Baliteke gaitasunen bat edukitzea eta istorioak gustatzen zitzaizkidan, baina harreman gutxi nuen antzerkiarekin. Urteekin konturatu naiz antzerkia maitatzen ikasi dudala eta aktorearen lana gustatzen zaidala. Teknika eta hainbat kontzeptu ikasi ditut, eta antzerkia ikustea eta egitea gustatzen zait. Lehen militantzia kontua zen: “Antzerkia egin behar dela euskara sustatzeko? Ba egingo dugu”. Nire ikuspuntu pertsonala alde batera lagata, euskal gizartean eta euskal antzerkiaren munduan ez gara konturatzen demaseko aldea dagoela orain dela 40 edo 35 urte euskaraz zegoenaren eta orain dagoenaren artean. Orain euskarazko antzezlan asko daude, kalitate handikoak gainera. Bestetik, ogibide bezala hartuta edo enpresa ikuspegitik, lehen militantzia kontua zen eta azpiegitura gutxirekin emanaldi ugari eskaintzen genituen. Orain, ostera, gauzak askoz hobeto daude, baina gehiago kostatzen zaigu muntaiak aurrera ateratzea eta hainbat emanaldi eskaintzea, antzerki-talde asko dagoelako. Euskaraz egiten dena beti egongo da desabantaila egoeran erderazkoekin alderatuta, publiko eta merkatu gutxiago dugulako, baina orain dela urte batzuk baino egoera hobea bizi dugu.

 

Zuen kasua pandemiak ere ez zaituzte gelditu, ‘Ez dok ero’ azaroan aurkeztu zenutelako eta ordutik hainbat ikuskizun eskaini dituzuelako. Nola bizi duzue egoera berezi hau?

Ezin gara kexatu. Kulturaren esparrua salbatu egin da. Aforoan eta beste hainbat arlotan neurri bereziak hartu dira, baina orokorrean gauzak egiten jarraitu ahal izan dugu, nahiz eta kulturaren beste arlo batzuk gehiago sufritu duten. Azarotik 20 emanaldi inguru eskaini ditugu eta beste hainbat egitea aurreikusten dugu. Gainera, beste antzezlan batzuekin ere bagabiltza. Aforoa beti betetzen da eta uste dugu jendeak antzerkira joateko gogo handia duela.