Mikel Remak: “Euskararen eguneko muralaren lanketa oso esperientzia aberasgarria izan da, zerbait berria”

Mikel Remak: “Euskararen eguneko muralaren lanketa oso esperientzia aberasgarria izan da, zerbait berria”
2022/12/02 eta kitto!
Bihar Euskararen Eguna ospatuko dugu herrian eta egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako. Hasteko, 09:00etatik aurrera, herritarrek horma-irudia margotzeko aukera izango dute Bista Eder kalean, Beleko tabernaren alboan, eta 12:00etan amaituko dute margoketa-lana, sorpresa batekin.

Marrazkia Eibar BHI-ko Batxilergo Artistiko ikasleek diseinatu dute eta Mikel Remak artista plastiko bergararraren laguntza eta aholkularitza izan dute horretarako. Mikelek hainbat mural margotu ditu han eta hemengo hormetan eta esperientzia berria izan da hau berarentzat.

 

Zer prestatu duzue Euskararen Egunerako?

Arte Batxilergoko ikasleek diseinua egin dute, nik paretaren ezaugarrietara moldatu dut eta horma-irudia eibartarrek margotuko dute. Jarduera irekia izango da. Nik dinamizatzaile lanak egin ditut batipat, ez da nik guztiz landutako obra bat izango.

Herritarrei margoketa nola egin esango diezue ala libre izango da?

Hori prest edukiko dugu eta txukun egin dezaten saiatuko gara. Gero, sorpresa bat egongo da amaieran, murala margotzen den bitartean ikusiko ez dena baina azkenean ikusiko dena. Horretarako, guk fondoa egingo dugu, zinta eta paperen bitartez sorpresa hori erreserbatu egingo dugu moduren baten, herritarrek margotu egingo dute eta zinta eta paperak kentzean ikusiko da zer den.

Prestaketa nolakoa izan da?

Lehenik, Batxilergoko ikasleak ezagutu nituen eta muralgintzaren inguruko teoria azaldu nien pixka bat. Gero, hurrengo klasean horma honetarako tipografia diseinatu genuen.

Margotzeko orduan, horma egokitzen duzue edo zuek egokitzen zarete hormara?

Normalean gu egokitzen gara hormara, baina horma batzuek beste behar batzuk dituzte. Bista Eder kaleko horma horrek, adibidez, hezetasun asko du. Egokiena izango litzateke beste akabera bat duen horma batean margotzea, baina dagoenarekin ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara.

Batxilergoko ikasleek nola hartu dute elkarlana egiteko aukera?

Batzuk beste batzuek baino ilusio gehiagorekin (barreak). Eurei esan nien bezala, horrelako diseinu bat egiteko lau ordu egon naiteke normalean, baina eurekin ordubete besterik ezin izan nintzen egon. Orduan, ezin izan dute prozesu guztia ondo ikusi diseinua eduki arte. Dena dela, ikasle batzuk oso motibatuta zeuden. Niretzat, adibidez, oso esperientzia aberasgarria izan da, zerbait berria.

Zelan hasi zinen muralak margotzen? Imajinatzen dut zure sasoian ez zela inor eskolara joan muralak nola egin erakustera.

Graffitiak egiten hasi ginen eta gero, nahiko azkar, marrazki figuratiboak egitera pasa ginen. Oso sasoi ezberdina zen. Lehen ez zegoen hainbeste muralismo eta polikiago ikasten joan ginen.

Ikasi ere, zuen kabuz ikasi zenuten?

Orain tailerrak daude, baina gure sasoian ez zegoen ezer. Gure kabuz ikasi genuen, beste batzuen lana ikusten. Denbora librean egiten genuen, guk bilatzen genuen modua… Beste kontu bat zen, orain demaseko industria dago.

Bazeneukaten erreferenterik?

Hasi ginenean ez zegoen hainbeste jende. Gure artean batak bestearengandik ikasten zuen, edo baten batek esaten zuen zerbait ikusi zuela eta gauzak poliki-poliki ezagutzen gindoazen. Orain oso jende ona dago, kalitate handikoa.

Arkitektoa ere bazara. Horrek badu eraginik margotzeko ala gauza ezberdinak dira guztiz?

Gauza ezberdinak dira, baina eragiten du. Askotan, nire obra edozein tokitan ipini baino, hormaren ezaugarriak zeintzuk diren ikusten dut eta konposaketarako laguntzen dit.

Jende batek errezeloz begiratzen die hormetan egiten diren marrazkiei. Mugak aurkitzen dituzue margotzeko orduan?

Denetarik dago. Kalean egiten duzun edozer gauzak sortzen du onespena edo kontrakoa. Horrekin bizitzen jakin behar duzu eta gu ohituta gaude. Kalean zauden momentuan jendearen erantzuna zuzenagoa da eta gertatu ahal diren tentsio-momentuak kudeatzen jakin behar da. Dena dela, jendearen %99ak onartzen du egiten duguna. Orain herri batzuetan ohikoa da muralak ikustea eta jaialdiak egiten dira han eta hemen.

mikel remak mikel remak2