Miren Narbaiza MICE: “’Lautada’ diskoak duen giro anitza ekartzen saiatzen gara zuzenekoetan”

Miren Narbaiza MICE: “’Lautada’ diskoak duen giro anitza ekartzen saiatzen gara zuzenekoetan”
2023/01/13 12:57
eta kitto!
Miren Narbaiza musikari eibartarrak MICE proiektua abiatu zuen 2017an eta hirugarren diskoa kaleratu zuen iazko urrian, ‘Lautada’. Narbaizak Eibarko mendiak Arabako lautadarengatik aldatu zituen orain dela hainbat urte, han bizi baita, eta paisaia horretatik abiatuta sortu du publikoaren eta kritikaren berba politak jaso dituen diskoa.

Urte amaieran zenbait kontzertu eskaini ondoren, MICEk Eibarren emango du 2023ko lehena. Narbaizak etxean joko du, Coliseo antzokian, hilaren 20an, 19:00etan, eta euskal eszena musikalean izen garrantzitsua izatera eraman dioten doinuak eskainiko ditu herrikideen aurrean.

 

Mendi artean jaio eta hazi den pertsona baten liluratik sortu duzu diskoa?

Bistan denez, orain bizileku dudan paisaiak kontraste handia du Eibarrekin eta seguruenik kontraste horri esker baloratzen dut horrenbeste zerumuga eta lautada ikustea. Inguruak beti eragiten digu pertsona guztioi. Diskoaren prozesuaren baitan paisaiak asko lagundu dit berriz idazten eta sormen prozesuari berriz ekiten, eta horri aitortza egin nahi nionez, diskoaren izenburura ekarri dut lautada.

Diskoa sortzen hasi zinenean argi zenuen zerumugan zer aurkituko zenuen edo nora iritsi nahi zenuen?

Diskoak fase asko eduki ditu. Pila bat. 2020an hasi nintzen idazten, gero berriz abiarazi behar izan nuen, eta hainbat arrazoirengatik atzeratu egin behar izan da argitalpena. Hasiera baten pentsatzen nuen abestiak modu baten joango zirela eta gero ez da horrela izan. Beraz, nire aldetik lan asko egiten ibili naiz (idazten, konposatzen, musika egiten...) eta lan asko aldi berean joan gara egiten. Adibidez, maketak asko landu ditugu eta, horretarako, produkzio lan handia egin dugu Ibai Gogortzak, Joseba Baleztenak eta hirurok. Buelta asko eman genien kantuei. Era berean, esku artean nituen letrei bueltak eta bueltak eman nizkien. Orduan, dena joan da tempo ezberdinetan, baina aldi berean eta nahiko bizirik momentu guztietan, grabatu genuen momentura arte, hau da, 2022ko urtarrilera arte. Boladaka lan egin arren, pixkanaka-pixkanaka puzzlea osatzen joan da eta grabatu arte ez nuen ezer itxita eduki.

Urte batzuetako lana egin ondoren, zer sentitu zenuen emaitza esku artean eduki zenuenean?

Demaseko sentsazioa da! Uste nuen urte batean aterako nuela eta ez, hurrengoan izan behar zela, eta ezta ere... Frustrazio pixka bat bizi izan dugu, ez genuelako amaierarik ikusten, baina grabatzen hasi ginenean ikusi genuen baietz, kitto, errealitate bihurtuko zela. Diskoa fabrikara bidali genuenean pisu ederra kendu genuen gainetik, eta poza ere sentitu genuen. Gero, biniloa eskuetan hartu genuenean momentu ederra izan zen. Bestetik, guk lana amaitu eta jendaurrean aurkeztu arte hilabeteak pasa ziren, eta demaseko gogoa genuen jendeari erakusteko. Tira, azkenean irten zen eta badirudi harrera polita ari dela edukitzen. Beraz, pozik.

Gainera, modu bitxian aurkeztu zenuten, lagun talde bat toki baten bilduz eta diskoa jarriz entzunaldia egiteko, beste barik. Nolako esperientzia izan zen?

Bitxia da, dagoeneko ez dugulako horrelako ohiturarik, baina pentsa lehen irrati baten bueltan sortzen zen giro horretan, denak isilik zerbait entzuten. Elkartu eta momentu hori partekatu, beste barik. Gure kasuan, diskoa irten baino astebete lehenago, gela txiki baten zine-proiekzioak egiten dituen Gasteizko elkarte batean, diskoaren entzunaldia egiteko 50 lagun inguru elkartu ginen. Biniloa ipini eta entzun egin genuen. Esan genien nahi zuten moduan har zezatela esperientzia: begiak itxita entzun, albokoarekin komentatu... Ez gaude batere ohituta ezer egin barik egotera eta kuriosoa izan zen, polita. 40 minutuko pausa egin genuen geldirik egon barik egoten ez dakigun bizitza honetan. Zentzumen guztiak musika entzutera jarrita. Neurri batean, hori du musikak eta biniloak. Taldekideoi eskuetan edukitzeko moduko zerbait ematea gustatzen zaigu. Pantailetatik zenbat eta urrunago, hobe. Izan ere, pantailarekin dugun jarduna ez da pantaila bakarrean geratzen, batetik bestera egiten dugu salto etengabe eta nahi dituzun gauza batzuk burura sartzen dira, baina baita nahi ez dituzun beste asko ere. Beraz, momentuan bertan presente egotearekin lotuta egon zen ariketa hori.

Argazkilaria: Markel Suarez Argazkilaria: Markel Suarez

Orain zuzenekoekin zabiltzate. Diskoarekin alderatuz, beste modu batean planteatzen dituzue ala diskoarekiko fidelak izaten saiatzen zarete?

Diskoak eta zuzenekoak ez dute zertan gauza bera izan. Dena dela, ez dugu bilatzen gauza berberak egitea, ezinezkoa delako, baina badago hari bat beste bertsio batean aurkezten dena. Zuzenekoak direnez, beste eragile batzuk sartzen dira tartean. Hori bai, diskoa ezagutzen duenak zuzenekoan erraz identifikatuko ditu abestiak. Bestetik, ‘Lautada’ diskoak duen giro anitza ekartzen saiatzen gara. Diskoak espazio eta eszenatoki ezberdin asko ditu, batzuk zuzenagoak, beste batzuk atmosferikoagoak... Eta kantuak eta bidaia horiek errespetatzen saiatzen gara. Eibarren, gainera, Itziar Garaluze artista bisuala izango dugu lagun eta ‘Lautada’ irudikatzen saiatuko gara.

Nobedade bezala, gitarra barik arituko zara zuzenekoetan. Nola sentitu zara lehen kontzertuetan?

Azken disko honetan, ez bada joteko gogoa dudan kantu bat, orokorrean gitarra jo barik nabil. Taldean sei gara eta ez dago hiru gitarra-jole edukitzeko beharrik. Bestalde, ikusi nuen besoak libre edukitzeko eta eszenatokia beste modu batean bizitzeko gogoa nuela. Horrela, gorputzarekin adierazi beste aukerarik ez dut, eta askatzen eta abestian kontzentratzen lagundu dit. Gozatzen nago. Eszenatokian egoteko modu asko daude eta modu bakoitzak gauza ezberdinak ematen dizkizu. Gitarrak indarra ematen du, baina era berean arreta eskatzen du.

Jaioterrian jotzea zer da zuretzat?

Pixka bat urduri nago, egia esan. Coliseon egonda nago, gauza batean edo bestean. Adibidez, Napoka Iriarekin han jo genuen azken kontzertua, ...eta kitto!-ren 25. urteurrenean Zaloarekin eta Anekerekin jo nuen... Baina urduritasun puntu bat ematen du, beti dagoelako gauzak ondo egiteko nahi hori. Giro polita sortzea espero dut, lagunekin eta familiarekin elkartzea eta, beste barik, musikak gure bizitzan ematen duen pausaz gozatzea besteekin konpartituz.

Hilaren 6an Hertzainaken kontzertuan jo zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Ona! Milaka pertsona batu ziren bertan. Iraganera joan ginen orainetik eta sasoiarekin konektatzeko bide eman zigun.

Hertzainak erreferentea da, baina zuk ere urte asko daramatzazu jada musikaren munduan. Zure burua erreferente moduan ikusten duzu? Edo, behintzat, beste batzuentzat erreferente zarela jabetzen zara?

40 urte betetzera hurbiltzen ari naizela jabetzen naiz (barreak), eta ikusten dut orain irteten ari diren taldeetako musikariek 18-20 urte dituztela. Emakumea izanik, hainbeste ez dagoen tokian, bat agertzean beti da erreferente. Beraz, pentsatzen dut batzuentzat banaizela. Batzuek esan didate ni hor ikusteak lagundu diela. Baina tira, oraindik jarraitzeko asmoa dut, ez dut neure burua beste leku batean ikusten.