Mise en Abyme, Xsakara eta DJ Blessive arituko dira zapatuan Errebalen, Gipuzkoan Gazte Tour zirkuituaren eskutik

Mise en Abyme, Xsakara eta DJ Blessive arituko dira zapatuan Errebalen, Gipuzkoan Gazte Tour zirkuituaren eskutik
2022/09/14 eta kitto!
Zapatuan (irailak 17) ailegatuko da gure herrira Gipuzkoan Gazte Tour, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria sailak 16 eta 25 urte bitarteko gazteentzat antolatzen duen kultura-zirkuitua. Musika eta arte eszenikoen inguruan hainbat ekimen biltzen dituen programa hau Udalarekin elkarlanean garatzen da eta Errebal Plazan, 18:30ean hasiko den jaian, musika estilo ezberdinak jorratzen dituzten artistek hartuko dute parte. Batetik,  Ander Zenitagoiak (bateria), Aitor Suarezek (gitarra) eta Andoni Sodupek (gitarra) osatzen duten Mise en Abyme, Eibarko metal progresibo instrumentaleko hirukoteak joko du. Talde honek 2018an hiru demo grabatu zituzten eta Bilbo Hiria talde berrien lehiaketan finalerdirako sailkatzea lortu zuten. Urte horretan, beste bi kantu sortu zituzten beren lehen lana osatzeko. Emergence izenarekin, 2019. urtean autoproduzitu, grabatu eta nahastu zuen taldeak bere lehen diska. Eta, Eibarko taldearekin batera, Bermeoko Xsakara rap abeslariak eta Basauriko DJ Blessivek biribilduko dute zapatu arratsaldeko jaialdia. Sarrera dohainik da.