Musika Arrateko gaua berotzeko

Musika Arrateko gaua berotzeko
2019/09/06 eta kitto!
Udako gauak ez dira oso beroak izaten Arraten. Altuera kontua da. Arrateko zelaian egun osoa eguzkipean pasa ondoren gauari ongietorria eman dion edonork badaki jertsea jantzi beharko duela. Eibartarron idatzi bariko lege bat da. Arrateko jaietako bezperan, ordea, ez da jakarik beharko gorputza berotzeko. Nahikoa izango da Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzordeak prestatu dituen kontzertuekin gozatzea, zelaia sutan jartzeko moduko musikariak etorriko direla-eta.

 

Bihar eguerdian Arrateko zelaia betetzen hasiko da. Asteburu betea dago aurretik eta Jaixak Herrixak Herrixandako plataformak ondo aprobetxatu nahi du hasieratik. Karropoteoa, neska* gazteen topa eta herri-bazkaria egin ondoren iritsiko da lehen saio musikala. 17:00etan Nani kantautoreak emanaldia eskainiko du, hurrengo orduetan etorriko den musika eztandaren abiapuntu.

Amparanoia, Lisabö, Masta Quba eta Marie V, eta DJ Okerreko izango dira gaueko izarrak. 22:00etan hasiko dira kontzertuak eta musikak goizeko lehen argi izpiekin egingo du bat, txorien kantei lekukoa emanez.

Rocka, reggaea eta beste hainbat estilo maisuki uztartzen dituen taldea da Amparanoia. Aitzindaria baino, iraultzaile musikala izan da Amparo Sanchez abeslariaren inguruan eratutako taldea. Hamarkada bi baino gehiago daramatza taula gainean eta Ozeano Atlantikotik harago ezagunak diren abestiak sortu ditu. 1997an ‘El poder de Machin’ izeneko diskoa kaleratu zuen, Granadatik zekarren blues doinuak utzi eta hainbat estilo uztartuz Manu Chao eta Victor Coyote bezalako musikarien laguntzarekin, eta diskoaren 20. urteurrenaren aitzakiarekin kontzertu-bira eskaini zuen. Ordutik gelditu barik dabil hara eta hona. Bihar Arratera ailegatuko da eta bere izaera alaiak Arrateko zelaian bilduko direnak kutsatuko ditu.

Lisabö bueltan da. Zazpi urte disko bat editatu barik eta bost urte kontzerturik eskaini gabe egon ostean, ‘Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen’ diskoa argitaratu zuten iaz. Gainera, kutsu eibartarra duen diskoa dela esan daiteke, bertan parte hartu zutelako Eibarren hazi zen Aida Torresek (Lisabö taldeko bateria-jole ohia eta disko honetan kolaboratu duena) eta Maite Arroitajauregi Mursegok. Irungo seikoteak gorenera eraman zuen estiloa mantentzen du eta zuzeneko zaratatsua ekarriko du Arratera.

Mexikotik datoz Masta Quba eta Marie V rap borrokalari eta feministarekin. ‘Autodefensa’ lanarekin arrakasta lortu ondoren, Europan euren musika zuzenean lehen aldiz entzuteko aukera izango da Arraten. Emakumezkoek ikusgarritasun gutxi eduki izan ohi duten hip hoparen munduan euren ahotsa eta presentzia aldarrikatu dute, eta baita euren istorioak ere. Emakumezkoen ahotsa isildua eta eragotzia izan da (baita musikaren munduan ere), eta mexikarren proiektuak haustura hegemonikoen prozesua jarri du martxan. Barrenetik ateratako musikarekin erritmo beroak eskainiko dituzte Masta Quba eta Marie V-k.

Hiru talde hauek eskaintzen dutena nahikoa ez balitz, DJ Okerrekok gaua modurik onenean amaitzen lagunduko die Arrateko zelaian bildutakoei.

Arrate Egunean gaueko suaren errautsetatik piztuko dira festarako gogoak eta, egun osoko egitarauaz gozatu ondoren, Mugi Panderoa taldeak erromeria eskainiko du ikasturteari hasiera ematen dien jaiei agur esateko.