Natur zinemako bi film proiektatuko dituzte GNAT Zinema ekimenaren eskutik

Natur zinemako bi film proiektatuko dituzte GNAT Zinema ekimenaren eskutik
2022/05/03 eta kitto!
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak II. Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldia aurkeztu du gaur eguerdian Eibarren. Erakustaldi hori maiatzaren 10etik 20ra bitartean egingo da Gipuzkoako bederatzi udalerritan, tartean gure herrian. Hain zuzen ere Eibarren bi film proiektatuko dira GNAT Zinemaren barruan: maiatzaren 12an, “Lo que el pulpo me enseñó” eta maiatzaren 19an, “The magnitude of all things”. Bi proiekzioak Coliseo antzokian eskainiko dira, 19:00etan, eta sarrerak doakoak izango dira.
Aurkezpenean azaldu dutenez, Gipuzkoa Naturaldia publiko guztiei zuzendutako ekitaldi eta baliabideen programa bat da, oro har naturarekiko harremana eta, bereziki, Gipuzkoako naturarekiko harremana bultzatzera bideratutakoa, eta Gnat Zinema ekimen horren parte da.
Zinema erakustaldi honen helburua gertuen dagoen naturaren kalitatea zabaltzea da, pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz. José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “Gnat Zinema proiektua zabalik dago naturaren alde zerbait egin nahi duen ororentzat, bai naturaren defentsaren arlotik, bai sormenaren dibulgazioaren arlotik. Zinema erakustaldi honek meditaziora gonbidatzen gaitu, errealitateaz jabetzera, eta nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera”.
Jon Iraola alkatearen berbetan, “klima-aldaketaren ondorioak agerikoak dira. Gure ingurune naturala eta biodibertsitatea erabat aldatzen ari dira gizakiaren ekintzaren ondorioz, baina oraindik garaiz gabiltza murgilduta gauden joera suntsitzailea aldatzeko. Horretarako, hezkuntza eta kontzientziazioa ezinbestekoak dira, eta horixe da ekimen honen helburu nagusia”.
Ikastetxeetarako proiekzioak
Aurtengo edizioaren esparruan, Eibarko Udalarekin elkarlanean, naturari buruzko zinema-proiekzioak antolatu dira DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduta. Proiekzioak maiatzaren 17an eta 18an izango dira Eibarren, eta Lexeia Larrañagaren eta Alexander Gutierrezen “Natura Bizia” dokumentala proiektatuko da. Zuzendari horiek proiekzioetan parte hartuko dute, ikasleekin kontzientziazio-hitzaldiak egin ahal izateko.
Sarrerak doan
Gnat Zinema 2022, II. Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiaren saio guztietarako sarrerak doakoak izango dira, baina, hala ere, sartu ahal izateko gonbidapena eskuratzea ezinbestekoa izango da. Horretarako, Coliseoko lehiatilara edo Kutxabank zerbitzura jo daiteke edo, bestela, https://gip.eus/sarrerak helbidera.

“Lo que el pulpo me enseñó” filmak dokumental onenaren Oscar saria lortu zuen 2021ean; hain zuzen, zinemagile baten eta Hegoafrikako alga-baso batean bizi den olagarro baten arteko adiskidetasunaren istorioa da. Craig Foster zuzendaria zinemagile eta dokumentalista hegoafrikarra da, eta baita ere ozeanoak babestera bideratutako “Sea Change Project”  fundazioaren sortzailea. Dokumentalean, bere munduko misterioak partekatzen dituzten bitartean, animalia horrek erakutsi dion guztia kontatzen du zuzendariak.



“The magnitude of all things” dokumentalak Jennifer Abbott zuzendariaren istorioa kontatzen du, eta paralelismo sinbolikoa egiten du minbiziaren ondoriozko bere ahizparen heriotzaren eta aldaketa klimatikoaren larritasunarekiko kontzientzia sakonaren artean. Jennifer Abbottek, Sundance eta Genie zinemaldietan sarituak, 25 urte daramatza gizarte, politika eta ingurumenaren inguruko bere kezkak azaltzen.  Proiekzioaren ondoren, hitzaldia izango da Laura Vozmediano psikologoarekin, EHUko Ingurumen Kriminologiako eta Psikologia Kriminaleko irakaslea.