Nerea Ariznabarreta, aktorea: “Norberak bere bidaia egingo du klown tailerrean”

Nerea Ariznabarreta, aktorea: “Norberak bere bidaia egingo du klown tailerrean”
2018/09/21 eta kitto!
Andretxeak ‘Jabetze Eskola’ jarriko du martxan urrian eta eskaintza zabala eskainiko du horren bitartez. Elikadura, autodefentsa eta beste hainbat gaien lanketa egiteko aukera egongo da, eta Nerea Ariznabarreta aktoreak ‘Klowna eta jabetzea’ ikastaroa eskainiko du. Norberak duen klowna (pailazoa) ezagutu, irudimena eta zentzumenak aktibatu, eta autoritatearekiko harremana lantzeko aukera emango du tailerrak.

 

- ‘Klowna eta jabetzea’ tailerra eskainiko duzu Andretxean. Zertan datza?

Antzerki estiloko zazpi saio egingo ditugu eta mugimendua izango da nagusi. Norberaren ezagutzarako bideratutako ariketak egingo ditugu, errazen irteten zaiguna zer den ikusteko, gehien gustatzen zaiguna ezagutzeko, eta abar. Sentimenduetatik bidaiatuko dugu, baita ere.

- Hausnarketa pertsonalerako balio izango du, beraz?

Bai, baina jolasean ibiliko bagina moduan. Maitasunezko espazio segurua sortu nahi dugu, saio hauetan biluztu (modu sinbolikoan) egin behar garelako. Klownean, pailazoen munduan, ‘utzi’ egin behar zara eta, horrela, ahultasunak ezagutuko dituzu. Hau da, geruza guztiak kendu eta horien azpian duguna ikusiko dugu. Ahultasun horiek abiapuntua izan daitezke, ondo sentitzera eta protagonista bihurtzera heldu gaitezkeelako hortik.

- Maitasunezko espazio segurua sortu nahi duzula diozu. Zein zentzutan?

Lasaitzeko pixka bat, askatzeko. Helburuetako bat barre egitea da. Gehienetan gizonezkoen barre algarak ozenagoak izaten dira, emakumeok irrifarre txiki bat egiten dugun bitartean. Barre algara horiei aukera eman nahi diet.

- Edozein emakumek eman dezake izena?

Edozein emakume etorri ahal dela uste dut. Gainera, norberak une bakoitzean bizi duen momentuaren arabera modu batean edo bestean eragin dakioke tailer honek. Harritzea da beste helburuetako bat. Izan ere, gehienetan ez diogu geure buruari denbora edo espaziorik ematen, eta eman izanez gero gauza politak irteten dira askotan. Begiratu edo deskubritu nahi ez ditugun gauzei bidea emateko ere balioko du. Askotan ez dakigu nola sentitzen garen, eta sudurra jarri eta aktuatzen jartzen garenean, batzuetan, kanpokoak argiago ikusten du gertatzen zaigun hori zer den guk geuk baino.

- Aurretik egin dituzu horrelako saioak?

Zarautzen egin nuen bat eta, gero, jabetzearen inguruko entrenamenduak baita ere klowna egiten dugun jendearekin. Demaseko ikaskuntza izaten da guztiontzat eta espero ez ditudan gauzak gertatzen dira, beti ere taldearen eta parte-hartzaile bakoitzaren arabera. Klown ikastaroak ez dira beti barreak eta denbora-pasa. Batzuetan barrenak ukitzen ditugu, gustatzen ez zaizkigun gauzak ikusi eta norberak bere bidaia egiten du.

- Nola eramaten da ikasitakoa bizitza errealera?

Nire buruari egiten diodan galdera da hori. Tailer horrek egunerokotasunerako balio du, baina argi bat eman behar diozu, hau da, eskura eduki eta ez gorde gure barreneko kutxa batean. Aurretik izan ditudan esperientziek erakutsi didate horrelako tailerretan parte hartu dutenek aldaketa igarri dutela euren bizitzan.