Nobedadeak %10eko deskontuarekin eskaintzen dituen Liburu eta Disko Azokak gaur zabaldu ditu ateak Untzagan

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Nobedadeak %10eko deskontuarekin eskaintzen dituen Liburu eta Disko Azokak gaur zabaldu ditu ateak Untzagan
ETA KITTO 2020, Urr 30

Udalak eta Euskadiko Liburu Ganbarak antolatutako azokak gaur bertan zabaldu ditu ateak Untzagan eta azaroaren 8ra arte egongo da martxan, ordutegi honetan: asteburuan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era eta astelehenetik barixakura, berriz, 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Bestalde, COVID-19rako ezarri duten protokoloa beste azoketan indarrean egon den berbera izango da: derrigorrez erabili beharko da maskara, baita standetan egongo den gel hidroalkoholikoa ere, eta gutxienez 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu beharko da.

Betiko martxan, nobedadeak eta aukerako liburuak egongo dira salgai, denak %10eko deskontuarekin. Elkar, Erein, Txalaparta eta Ttarttalo argitaletxeak egongo dira, besteak beste, banatzaileen eta Eibarko Udalaren standekin batera. Aurreko urteetan bezala, hainbat idazle ibiliko dira asteburuetan, euren liburuak sinatzen: Anton Arriola, Miren Palacios, Javier Sagastiberri eta Inma Roiz, besteak beste. Azokan salgai egongo direnen artean honako hauek aipatu dituzte: euskeraz, “Aitaren Etxea” (Karmele Jaio), “Kontrako eztarritik” (Uxue Alberdi) eta “Ene baitan bizi da” (Maddi Ane Txoperena). Gazteleraz, berriz, “La Editorial” (Toti Martínez de Lezea), “El diario de Josep Barath” (Anton Arriola), “Solitude” (Juan Lekue), “Las tinieblas y el alba” (Ken Follet), “Línea de fuego” (Arturo Pérez Reverte) eta “La buena suerte” (Rosa Montero).

Aurkezpen ekitaldian Juan San Martin Udal Liburutegiko Eva Alberdik aipatu duenez, aurten gehien mailegatu diren euskerazko liburuak “Aitaren Etxea” (Karmele Jaio), “Atzerrian” (Nerea Balda San Juan), “Erbesteko elurra” (Felipe Juaristi), “Amaren eskuak” (Karmele Jaio) eta “Fakirraren ahotsa” (Harkaitz Cano) izan dira. Gaztelaniaz, berriz, “Reina roja” (Juan Gómez Jurado), “Ajuste de cuentas” (John Grisham), “Loba negra” (Juan Gómez Jurado), “La mejor madre del mundo” (Nuria Labari) eta “Snap” (Belinda Bauer) izan dira mailegatuenak.

Liburutegia zabalik
Bestalde, Udal Liburutegia zabalik dagoela gogorarazi dute, “ohiko zerbitzu guztiak eskaintzen, talde-lanetarako gelak dira itxita jarraitzen duten bakarrak”. Irakurzaletasuna sustatzeko taldeek ere ohiko martxari jarraitzen diotela azaldu dute. Helduentzat bi talde daude, Idazlearekin Harixa Emoten (euskerazko irakurle taldea) eta gaztelaniazko irakurketa kluba. Eta haurrak, berriz, adinaren arabera daude banatuta: Azalerako ipuinak (hiru talde, 1 eta 3 urte bitarteko haurrekin), Liburuen poltsa (hiru talde, 4 eta 7 urte bitarteko haurrekin) eta Paperezko hegoak (bi talde, 8 eta 12 urte bitartekoekin).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »