Otsailaren 18an, zapatu honetan aterako dira koko-dantzak maskarada-festan

Otsailaren 18an, zapatu honetan aterako dira koko-dantzak maskarada-festan
2017/02/15 11:00 eta kitto!
Zapatuan (otsailaren 18an) ailegatuko dira Aratosteak Eibarrera, Kezka dantza taldekoen koko-eske eta koko-dantzekin. Lehen agerraldia, betiko moduan, Merkatu Plazan egingo dute goizean goiz, 08:30ean. Jarraian, 09:00ak aldera ekingo diote baserrietako ibilbideari.

Gorosta eta Mandiola

Eibarren 100 baserritik gora dira, eta lau urtetan antolatuta, "ziklo olinpikoak behar izaten ditugu baserri berdinera itzultzeko. Hirugarren koko-zikloan sartuta, bigarren ibilbidea, Gorosta eta Mandiolako baserriak hartzen dituena izango dugu helburu aurten".

Bi taldetan antolatuko dira. Talde bat Azitaingo industrialdera hurbildu eta bertatik Eskaregi, Agirreazpikoa, Azaldegigainekoa, Nagiorbe, Boneta, Sagarbieta, Azpiri, Mandiolagainekoa eta Mandiolazpikoa bisitatuko dituzte. Bitartean beste taldea Asua, Gisasola, Ixua, Usartza, Akondia, Berretxinagoikoa, Iturragoikoa, Iturrabehekoa eta Arlaban baserrietara joango da. Matsaria-Asolabarri aldean bukatuko dira baserrietako bisitak. Euren esanetan, "Hamarrekoa (diezmo) jasotzea ohikoa izan da eske-errondetan. Hamarrekoak jasoz hamarrekoa osatuko dugu aurten koko-eskean, 2008an abiatu baikenuen, eta beraz, hamargarrenez aterako dira koko-dantzari eta koko-marruak koko-dantzan eta koko-eskean 2017 urte honetan".

Koko-dantzak Eibarko kaleetan

Iluntzean, 19.00etan Anbulategiko parkean elkartuko dira koko-konpartsan eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, eta Mauxitxa txarangaren doinura erdiko kaleetan ibiliko dira (Toribio Etxebarria, Untzaga, Calbeton eta Eibarko Bizikleta Plaza).