Pablo Dendaluzeren "Arrastoan" dokumentalak zabalduko du gaur Ikus-entzunezkoen Astea

Pablo Dendaluzeren "Arrastoan" dokumentalak zabalduko du gaur Ikus-entzunezkoen Astea
2022/06/28 eta kitto!
Arrate Kultur Elkarteak antolatzen dituen udako ikus-entzunezko emanaldiak gaur hasiko dira, Pablo Dendaluze zuzendariaren “Arrastoan” dokumentalarekin. 2019an ekoiztutako lanak 45 minutuko iraupena dauka eta Laponiara egindako espedizioa eta sami kultura gerturatuko dizkigu. Hain zuzen ere, 2018ko neguan lau lagunek, Pablo Dendaluze, Iker Iriarte, Josu Iztueta eta Aitor Ossak Laponiara bidaia egin zuten eta han egindako eski-zeharkaldiaren kontakizuna da dokumental hau. Emanaldia 22:30ean hasiko da, San Andres elizako klaustroan, eta sarrera dohainik izango da.

Bihar, berriz, Iratxe Jaioren bi lan emango dituzte: “Onder de Vleugel” (“Hegalaren azpian”), 11 minutuko lana eta “Nire ama Roman hil da” (“Mi madre ha muerto en Roma”), 30 minutukoa. Film laburra Iratxe Jaiok eta 11 urteko haren semeak egin zuten 2020ko konfinamenduaren garaian, Herbehereetan, eta jatorrizko bertsioan emango dute, euskarazko azpitituluekin: “Zerua Berlin gainean Wim Wendersen filmean bezala, haur misteriotsu bat Rotterdam portu-hiriko teilatuetara igoko da. Bertatik herritarren pentsamenduak aditu eta apuntatuko ditu koaderno batean. Hitzoi ahotsa emateko xedez, zuzendariak eta haren semeak dei bat egin zuten sareetan. 200 xuxurlatik gora jaso zuten 20 hizkuntza baino gehiagotan, munduak helarazi nahiko balie bezala ez zeudela bakarrik haien isolamenduan”.

Bigarren lana, berriz, Klaas van Gorkum-ekin batera 2015ean zuzendutakoa da. Bertan hainbat adituk hizpide izango dituzte Iruña-Veleiako aztarnategian jatorria duten inskripzioak: batzuek benetakotzat jotzen dituzte; beste batzuek, ordea, faltsuak direla defendatzen dute.

Eta ekainaren 30ean “Urak aske” (2021, 74 minutu), Bego Zubia Gallastegik idatzi eta zuzendutako dokumentala ikusteko aukera izango da. Naturarekiko gure harremana ardatz du lan honek, bi urtegiren hustuketatik abiatuta.

arrastoan1arrastoan2