Publiko guztiei zuzendutako kultur eskaintza zabala prestatu du Udalak

Publiko guztiei zuzendutako kultur eskaintza zabala prestatu du Udalak
2022/09/21 eta kitto!
Udalak kultur jardueren programa zabala antolatu du urtea amaitzeko geratzen den tarterako, gaur goizean prentsarentzat Errebal Plazan egin duten aurkezpenean aurreratu dutenez. Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta José Luis González Kultura Saileko teknikariak nabarmendu dutenez, antolatutako jarduerak askotarikoak dira eta era guztietako publikoei zuzenduta daude. Horrelako ikuskizunetarako herrian dauden espazio ezberdinetan (Coliseo antzokian, Portalean, Errebal Plazan zein kalean) egingo dira.

Alkateak azpimarratu duenez, “Udalak, Kultura Sailaren bitartez, ahalegina egiten jarraitzen du herritarrei hainbat modalitate eta diziplinatako programazioa eskaintzeko, eta, batez ere, adin guztietako publikoak kontuan hartzeko. Ez da nolanahiko erronka astebururo kultur aukera desberdinak eskaintzea eta, gainera, kalitatezkoak izatea, eta uste dut urteko azken hiruhilekorako aurkezten ditugun jarduerak oso maila onekoak direla. Kultura hiriko eremu guztietan protagonista izatea nahi dugu, eta espazioaren eta azpiegituren aldetik egokiak diren gune guztietara iristea”.

Programatutakoen artean eskaintza zabala dago: antzerkia, dantza, zirkua eta musika, besteak beste. Antzerkiari dagokionez, zortzi antzezlan eskainiko dira, haietako lau euskaraz eta beste lau gaztelaniaz; bost helduentzat izango dira eta hiru umeentzat.

Barixakuan bertan hasiko da programazioa, Coliseoan ATX Teatro konpainiaren eskutik eskainiko den 'Lubaki lainotsua' ikuskizunarekin. Emanaldia euskaraz izango da. Urriaren 22an ‘El aguafiestas’ antzezlana iritsiko da Coliseora, 20:30ean, Pentación konpainiarekin. Lan horretan Josema Yuste, Santiago Urrialde eta Maribel Lara aktoreeek egiten dute lan.

Urriaren 28an Ibuprofeno konpainiak ‘Smoke on the water’ lana eskainiko du Coliseon (20:30). Azaroaren 1ean, Coliseon, Artedrama Konpainiaren eskutik 'Hondamendia' lana antzeztuko da. Hurrengo lana Pantxo Untzuetaren ‘Alderray’ izango da, azaroaren 18an, hori ere Coliseon (20:30). Antzezlana euskaraz izango da.

‘Las cuatro estaciones ya no son lo que eran’ ikuskizuna, ChéyMoché konpainiarekin, abenduaren 3an antzeztuko da Coliseon. Eta urteko azken antzezlana abenduaren 29an izango da: ‘Munduari itzulia 80 egunetan’, Glu Glu taldearen eskutik.

Azaroaren 19an, txotxongilo emanaldi bat etorriko da Eibarrera, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Lehiaketaren barruan.

Sei kontzertu

Musika-programazioari dagokionez, sei kontzertu eskainiko dira urtea amaitu arte, horietako lau Coliseon eta bi Portalean. Irailaren 30ean bertso-saio musikatua egingo da Txaltxa Zelaiko auditorioan (22: 00etan) Maialen Akizu, Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin eta Gari Otamendi eta Ixak Arruti musikariekin.

Andres Egiguren Orkestrak kontzertua eskainiko du Coliseon (19:00etan) azaroaren 5ean, eta Bixente Martinez gitarra-jole eibartarrak bere lehenengo bakarkako lana aurkeztuko du azaroaren 25ean, ‘Txoria buruan eta ibili munduan’ izeneko diskoa; kontzertua Coliseon izango da 19:00etan. Abenduaren 23an Trio Medianoche talde eibartarrak bere hirugarren diskoa aurkeztuko du Coliseoan (20:30ean), bere doinu latinoamerikar, bolero, bals eta rantxerekin.

Portaleko Klubaren egitarauaren barruan, urriaren 16an The Ramirezen Combo taldeak ikuskizun musikala eskainiko du Coliseoan; eta azaroaren 13an Portalean The Dirt Road Band taldeak reggae-rock-blues ikuskizuna eskainiko du (19:00).

Horrez gain, Cielito Musika Bandak sei emanaldi emango ditu urtea amaitu aurretik. Lehena barixakuan izango da, 20:00etan Toribio Etxebarria kalean; urriaren 9an eta 23an, azaroaren 20an eta abenduaren 18an, Coliseon arituko dira; eta azaroaren 18an Santa Zezilia serenata izango da protagonista.

Gainera, Usartza Txistulari Bandaren lau emanaldi egingo dira: irailaren 29an Aginagako jaietan; urriaren 16an kalejira; eta azaroaren 22an eta abenduaren 24an, bi kontzertu.

Dantzari dagokionez, bi ikuskizun egingo dira.  Lehena zapatu honetan izango da, 20:00etan, Coliseon: ‘DeMente’ ikuskizuna, Galiziako Fran Sierra dantza talde tradizionalaren eskutik. Eta urriaren 12an, Coliseon, (20:30) Dantzaz Konpainia arituko da ‘Quorum’ lanarekin.

Zirkua ikusteko aukera ere izango da, eta hiru emanaldi antolatu dira publiko guztientzat. Urriaren 1ean, Errebalen, 19:00etan, Circ Bover konpainiaren ‘Avol’ ikuskizuna eskainiko da. Urriaren 15ean, Zirkozaurre konpainia ikusi ahal izango da 'Cobr3' lanarekin, Errebalen (19:00); Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak egongo dira Coliseon, urriaren 29an.

Bestalde, urriaren 7an, Lekim Animazioa konpainiakoak Urkizun egongo dira (17:00), klarion tailerrarekin; interbentzio bat izango da, klarionekin, Eibarren Gerra Zibilean izan ziren bonbardaketen 85. urteurrenaren inguruan. Egun berean, bonbardaketa horiek eta Gerra Zibilean Eibarren egon zen frontea gogoratzeko hitzaldi bat antolatu da Eibarren, Nieves Concostrina kazetariaren eskutik: ‘De las tragedias que provocó el golpe de estado al Guernica de Picasso’.

Aipatutakoez gain, urriaren 8an, Errebal Plazan, Odisea elkartearen 10. urteurrena dela-eta jarduera bat antolatu da (ludoteka, torneoak eta jolasak); eta urriaren 15ean, raperoen ‘Oilar borroka’ egingo da.

Programazio honen aurkezpenean, José Luis González Kultura teknikariak azken asteetan Errebalgo plazan ikus-entzunezko ekipoak hobetzeko egindako lanen berri eman du. Esan duenez, lanen lehen zatia amaituta dago: “Ahalbidetuko dute espazio honetako musika-emanaldiek ikusleari argiztapen eta aprobetxamendu hobea eskaintzea.  Era berean, elementu horiek balioko dute soinua aztertzeko eta hobetzeko neurriak inplementatzeko”.

Amaitu aurretik, udal arduradunek jakinarazi dute datozen hilabeteetan ere zine komertzialaren programazioak jarraituko duela Coliseon, eta, bestalde, 3D filmak eskaini ahal izateko zine proiektore berri bat erosi dutela.