Ramoncin: "Oilasko frijituaren erregea? Egun gutxi barru AEBtako presidente izendatuko dute”

Ramoncin: "Oilasko frijituaren erregea? Egun gutxi barru AEBtako presidente izendatuko dute”
2016/11/28 eta kitto!
Jose Ramon Julio Marquez Martinezek 61 urte bete ditu. Rock abeslaria izaten jarraitzen du, sasoi baten izan zuen oihartzunetik urrutiratu eta lasaiago jardun ere. Vallecasen hasi zuen musikan egindako ibilbidea eta orduko poesia urbanoarekin jarraitzeko asmoa du oraindik ere. Zortzi musikarik osatutako bandarekin dator Astelena frontoira “bere onena” emateko prest. Ahots urratuari eutsi dion moduan, baztertu egin du guztiz SGAE eta musika pirateriaren aurkako borroka.

- Zelan enfokatzen duzu Eibarko kontzertua? Zer aurkituko dute hor zaletuek?
Kontzertuak dira garrantzitsuena niretzat, hor jendearekin aurrez-aurre zaudelako; mendira igotzea modukoa da. Bob Dylani Nobel Saria ematerakoan, Cohen-ek esan bazuen domina Everest-ek merezi zuela, ba antzerako zeozer. Arima guztia jarriko dugu kontzertuan, hori ziurtatzen dut. Entseguak bandarekin bikain joan dira.

- “Cuando el diablo canta”, 2011n ateratako diskoa, izango da jaialdiaren ardatza?
Horko abestiak izango badira ere, kaleratutako disko guztiek izango dute euren tokia 45 bat abesti ditugu errepertorioan -lau ordu egon gintezke jotzen-, baina 22 jo ditzazkegu, edo 25, 27... Inprobisatu egingo dugu, jendearekin erabakiko dugu. Diskoak, azken batean, abestiak dira; azken hauek ematen diete bizitza. Eta 90eko “Miedo a soñar” eta “Sangre y lágrimas” bikain funtzionatzen dute gaur egun. Onena zein den esatea ez du zentzurik.

- “Larru beltzeko Ramoncín: itzulera jakintsu eta elegantea”. Ados zaude egin dizuten aurkezpenarekin?
Dotoretasuna eta ezagutza denborak ematen du. Badira abeslariak seriotasunez hartzen ez dutenak egunero ahalegindu behar garenik ikasten eta gauzak hobeto egiten. Dotore jardutearen alde nago, nahiz eta batzuk horregatik aldenduko zaizkizun, baina entzuleari zor diozun errespetua nik obligaziotzat hartzen dut. Rock-a hori da, eta baita energia eta gogoa. Aipatu didazuna lausengua balitz hartuko dut, baina esango dizut inoiz ez naizela joan. Beraz, ez dago itzulerarik. Zaharragoa banaiz ere, rock-aren dotoretasunean sinesten dut.

- Zelako publikoa izan duzu azken emanaldietan? Bada belaunaldi berririk?
Nire publikoa berezia da betidanik, gaizki pasatu izan duelako askotan. Baina horri aurre egin eta “gogoa ematen didalako” esaten ikasi dute. Hainbeste iraindu didate! Hala ere, badago nire esaldi bat bizkarrean tatuatu duena: horrek nire lan guztiagatik balio du. Horregatik konkistatu behar dut halako jendea. Orain kontzertuetara etortzen jendea betikoa da, eta gazteagoa. Nire adinekoak... horiek ez dira inora joaten!

- Zure azken diskoa egin duzun onena dela esaten dutenetakoa zaitugu? Edo, beste batzuk dioten moduan, “Arañando la ciudad” izan da onena?
Zeri erreparatzen diogun, horren arabera bat edo beste izan daiteke. Sormenari begiratuko diogu? Edo zenbakiei? 84an, “Como el fuego” eta “La vida en el filo” lanekin, inoiz baino gehiago saldu genuen. Baina produkzioarekin eta zelan abesten nuen ez nengoen eroso eta 1992tik 96ra gelditzea erabaki nuen, “Miedo a soñar” egin nuen arte. “Arañando la ciudad” orain berreditatu dugu eta baita bere neurria eman. Badakit 80ren hamarkadan hil izan banintz edo nire buruaz beste egin izan banu, hor goi-goian jarriko ninduketeela; baina niri bizirik jarraitzea interesatzen zait. Sormenari buruz, uste dut “Miedo a soñar” aberatsagoa dela.

- Zer geratzen da “Oilasko frijituaren erregetik”?
Izen horrekin noizbaiten identifikatuta sentitu bazara behintzat.
Orain bai dagoela modan: AEBtako presidente egin behar dute. Donald Trump da bera. Lehen pertsonan idaztea okurritu zitzaidan eta askok uste izan zuten ni nintzela ospetsua izatea espero zuen disko-konpainiako morroi hura. Askotan entzun behar izan dut “ikusi, hor doa Oilasko frijituaren erregea” eta nik erantzun “oño, hemen pepelerdo bat” eta horrela bion aurkezpena eginda dago. Ez dut ezer ikustekorik pertsonaje horrekin, baina horrelakoak dira komunikabideak; kazetarioi dagokizue borroka etikoa egitea horren aurka.

- Prentsak zuzen jokatu du zurekin?
Zeinekin izan da, ba, objektiboa? Baina bat ez da uste duena, besteek uste dutena baizik. Komunikabideak ustelduta daude; eta hor badakit kazetariok beste zeozer zaretela. Baina zelan ez da ustelduta egongo ezkerreko kate batek eta eskumako beste batek jabe bera dutenean... barazkiak saltzen dihardute. Komunikabideak bihozgabeak dira eta, seinalatzea erabakitzen badute, ez duzu zereginik. Horregatik ez zaizkit interesatzen, eta digitalak gutxiago. Zaborra eta light-a gustatzen zaizkio Googleri, dirua azken batean.

- Musika pirateriaren aurka egin duzun borrokak izan du aurrerapenik?
Pirateriarena ere baztertuta dut dagoeneko. Hor atzean hezkuntza-arazoa dago, eta hori aldatu ezinik... Musikaren %89, jokoen %87 eta zinearen %90 ilegalki jaisten da, eta zer? Hor badaude kolektiboak, interesatuta badaude, borrokatu ahal dezaketenak. Moztu eta itsatsiaren munduan bizi gara, mutil. Nire aldetik, Facebook eta Instagram erabiltzen ditut bakarrik.

- Abeslari izateaz aparte, aktore, idazle eta aurkezle lanak ere izan dituzu. Zer zara gehiago: abeslari edo denetarik?
Batek bere abestiak idazten dituenean idazlea izango da: melodietan sartu aurretik ere hainbat poema nituen idatziak, tartean “Música de terciopelo”. Egilea ere banaiz, baita konpositorea. Eta, jakina, interpretatzeko ahaleginean ere jarduten dut, hau da, aktore lanean. Aparejadore Eskolan antzerkia egiten hasi zen hura ere banaiz.