Renk C.A eta Emeka, rap abeslariak: “Herriak ordezkatzen gaitu eta hori azpimarratu nahi izaten dugu”

Renk C.A eta Emeka, rap abeslariak: “Herriak ordezkatzen gaitu eta hori azpimarratu nahi izaten dugu”
2020/10/02 eta kitto!
Herriko kaleetan gero eta ohikoagoa da jendea rap musika abesten ikustea. Kaleak berak garrantzia handia du rapean eta horren erakusgarri da ‘20600’ Renk C.A (Xune) eta Emeka rap abeslari eibartarrek orain dela pare bat aste aurkeztu duten lana. Bakoitzak bere aldetik, baina elkarrekin aldi berean, bidea egiten dihardute rap munduan.

https://www.youtube.com/watch?v=Ynq4uUThums

‘20600’ izeneko abestia sortu duzue. Zer dago zenbaki horren atzean?

RENK C.A: Eibartarrak gara eta, herriko posta-kodearen zenbakia izanik, abesti askotan aipatzen dugu 20600, baina ez da berez Eibarren omenez egindako abesti bat.

EMEKA: Rapean eta kaleko musikan askotan aipatzen da posta-kodearen kontua. Eibar maparen gainean jartzeko balio du. Izan ere, orain arte ez da rap abeslari askorik izan herrian. Xunek eta Martin Rekaldek urte asko daramate, eta ni geroago hasi naiz, baina ez dago askoz gehiago.

R: Lehen lau katu ginen, baina rap kultura hedatzen joan da, kontzertuak egin ditugu herrian eta jendeari gehiago gustatzen zaio.

 

Zuen jatorria abestietan islatzen da?

E: Bai, ikusten dugunaren inguruan egiten dugulako berba.

R: ‘Armagintza hiria’ kontzeptua ere askotan aipatzen dut abestietan. Azken finean, herriak ordezkatzen gaitu eta hori azpimarratu nahi izaten dut.

 

Zer berezitasun ematen dizue eibartarrak izateak?

R: Alde onak eta txarrak daude. Batetik, alde onei begira, Eibar herri txikia denez, musikari moduan edozein gauza eginez gero, jendeak entzun egingo dizu. Eta kontrara, hain txikia izanda, zaila egiten zaigu ezagutzera ematea. Bilbon edo Bartzelonan biziko bagina, jende gehiagorengana iritsiko ginateke.

 

Nola ikasi duzue rap egiten?

R: Geure kabuz ikasi dugu eta bakoitzak bere estiloa du.

E: Handik eta hemendik edaten dugu, eta hortik abiatuta geure lana sortzen dugu.

 

Eta nola hasi zineten abesten?

R: Nik txikitatik entzun izan du rap musika eta beti izan dut rap egiteko gogoa.

E: Ni ‘oilar guduak’ egiten hasi nintzen lagunekin eta nahiko ondo moldatzen nintzela ikusi nuen, baina pare bat urte laga egin nuen. Baina, orain dela urtebete hiru-lau lagun batu eta abestiak idazten hasi ginen, eta nire abestiak aurrera atera behar nituela esaten zidaten.

R: Hasieran lagun arteko kontua izan zen rap egitea, baina gero eta serioago hartzen joan gara.

 

Eta abestietako gaiak?

R: Kalea, etxea, jaiak eta neska-lagunak (barreak).

E: Niri buruan bueltaka ditudan gauzen inguruan idaztea gustatzen zait.

 

Zaila da rap bidea egitea hemen?

R: Bilbo eta inguruko jende asko ezagutzen dugu, eta orain errazagoa egiten zaigu hemengo rap munduan mugitzea.

E: Musika ona egitea eta jendeak zu ezagutzea nahi baduzu, inbertsio bat egin behar duzu. Ni ikaslea naiz eta ez dut dirurik irabazten, beraz, zaila da ezer inbertitzea.

 

Nola iritsi zitzaizuen bideoklipa egiteko aukera?

E: Hirurok tabernan kontzertua eskaini ondoren, elkarrekin abesti bat egiteko beharra ikusi genuen. Abestia sortu, grabatu eta sarera igo genuenean jendeari asko gustatu zitzaion, eta zerbait gehiago egin behar genuela ikusi genuen. Orain dela pare bat aste kaleratu genuen bideoklipa eta jendeari asko gustatu zaio.

R: Martxoan hasi ginen grabatzen eta lehenago kaleratzea zen gure asmoa, baina COVID-19ak gure planak izorratu egin ditu.

 

Aurreikusita zenuten kontzerturik bertan behera geratu zaizue?

R: Nik Bilboko Fever aretoan kontzertu bat eskaini behar nuen, baina ezin izan nuen. Ez dakit geroago egin ahal izango dudan.

 

Noizean behin elkarrekin ibili arren, zuetako bakoitzak bere bide propioa egiten du…

R: Hori da. Bakoitzak bere kanala du, baina denbora asko pasatzen dugu elkarrekin eta beti gaude elkarlanean.

E: Gainera, North School izeneko kolektiboko kideak gara. Deba, Durango, Soraluze eta Eibarko rap abeslariak gaude bertan eta elkarri laguntzen diogu.

R: Bakarrik nenbilenean North School berba nire abestietan erabili ohi nuen eta, horren harira, kolektibo bat egitea pentsatu nuen. Horrela, eurei azaldu, gustatu zitzaien eta taldea sortu genuen. Kanal propioa dugu eta bertan aurkitu daiteke gure materiala.