Santa Kurutz jaiek asteburua beteko dute

Santa Kurutz jaiek asteburua beteko dute
2017/05/05 eta kitto!
Aurreko asteburuan hasi ziren Santa Kurutz jaiek honetan ere izango dute jarraipena, zapatu eta domekarako prestatu duten egitarauarekin. Bihar goizetik hasiko dira ekitaldiak, Santa Kurutzeko ermitan Gorosta eta Mandiola auzoetan hildakoen alde 11:00etan ospatuko den mezarekin. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute, Unai Andonegi eta Oier Baltzola trikitilariek girotuta. Eguerditik aurrera haurrentzako jolasak eta baserritar eta kaletarren arteko desafioa egingo dituzte eta, horiek amaituta, Ixua jatetxean bazkalduko dute. Erromeriarekin agurtuko dute eguna. Domekarako, berriz, Santa Kurutzera igoera antolatu dute, 10:00etan Urkizuko iturritik abiatuta (parte hartzen duten guztien artean sariak zozketatuko dituzte). 11:00etan meza nagusia egingo da ermitan eta, ondoren, Mugi Panderoa taldeak girotuko duen piskolabisa. Kezka dantza taldearen eta Usartza txistulari bandaren eskutik urtero egiten den soka-dantza 12:00etan hasiko da eta, jaiak bazkaltzeko orduan agurtu aurretik, haurrentzako jolasak eta txapel-jaurtiketa egingo dira.