Santa Zeziliaren omenezko ganbera kontzertua eskaini zuen Usartza txistulari taldeak (BIDEOA)

Santa Zeziliaren omenezko ganbera kontzertua eskaini zuen Usartza txistulari taldeak (BIDEOA)
2018/11/19 eta kitto!
Herri musikarekin lotu ohi da txistua, baina Euskal Herriko musika tresna tradizional honek soinu finenak igorri ditzake. Usartza Txistulari Taldekoek sarritan erakutsi dituzte txistuak eskaini ditzakeen aukerak eta atzo, igandea, beste erakustaldi bat egin zuten. Pianoa, soinua, perkusioa, eta harizko eta metalezko instrumentuak txistuarekin uztartu zituzten ganbera kontzertua eskaintzeko.

Publikoa harritzeko egitaraua
Kontzertu berezia izan izan zen atzokoa eta publikoa harritzea eta ondo pasatzea lortu zuten . Usartza Txistulari Taldekoek laguntza berezia izan zuten Coliseoko oholtzan. Elena Pérez eta Enrique Montero izan ziren 1. txistuak, Ainhoa Urkizu eta Iratxe Gimenez 2. txistuak, Asier Castelos eta Javier Zorrakin silboteak, eta Iñaki Orbegozo eta German Ereña atabalak, eta kontzertuan zehar eurekin jo zuten Mari Sol Arrillaga pianojoleak, Jokin Vitoria perkusionistak, ‘Harituz’ hari laukoteak eta ‘Molto vivace’ metal boskoteak.

 

[embed]https://www.youtube.com/watch?v=fHLmzqUihSo[/embed]

‘...eta kitto!’-ri omenaldia
‘...eta kitto!’ Euskara Elkarteak 25 urte bete ditu eta Usartza Txistulari Taldeak omenaldia eskaini zion atzoko kontzertuan. Eibarren euskeraren alde egindako lana goraipatu zuten musikariek eta abesti bat eskaini zioten euskara elkarteari.
Domekakoaz gain, Usartzakoek beste kontzertu berezi bat eskainiko dute laster. Izan ere, abenduaren 23an Gabonetako kontzertua joko dute udaletxeko arkupean 12:30ean Sostoa Abesbatzarekin, Isabel Laspiur piano-jolearekin eta haizezko instrumentuekin batera.