Sara Bilbatua (casting zuzendaria): “Asko hunkitzen nau saria Zinemaldian jasotzeak”

Sara Bilbatua (casting zuzendaria): “Asko hunkitzen nau saria Zinemaldian jasotzeak”
2020/09/21 07:08
eta kitto!
68. Donostiako Zinemaldian Sara Bilbatua (Eibar, 1958) casting-zuzendariak jasoko du Zinemira saria. Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen duten ohorezko saria da, eta euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du. Azken 25 urteotan Bilbatua ikus-entzunezko 75 ekoizpenetan baino gehiagotan izan da casting-arduraduna. Victoria Eugenia antzokiak bihar, hilaren 22an hartuko duen Euskal Zinemaren Galan jasoko du oroigarria.

Lehenik eta behin, zorionak datorren astean jasoko duzun sariagatik. Zelan sentitzen zara?
Hunkituta nago. Saria benetan zoragarria da, eta harro nago Donostiako Zinemaldian jasoko dudalako. Urduri nago, ezin dut ukatu. Beti nago kameraren atzean, besteei begira, eta, orain, ni izango naiz fokua. Momentua ailegatzen denean animatu egingo naizela uste dut, baina orain emozio handia sentitzen dut.

Madrilen bizi zara aspaldi. Eibarrera etortzeko ohitura daukazu?
Eibarrera familia bisitatzera joaten naiz. Baisi tabernara asko joaten naiz, Iñigo nire anaia eta Kristinarekin egotera. Eibarko oroitzapen asko ditut. Nire lanaren oinarriak han sortu ziren. Aldatzen eta Institutuan ikasi nuen. Eibartik Donostiara joan nintzen psikologia-ikasketak egitera eta han gelditu nintzen bizitzen. Antzerkiarekin zerikusia zeukaten gauzak egiten hasi nintzen sasoi hartan eta film laburretan ere sartuta ibili nintzen. Zinemaldira asko joaten nintzen Eibarko beste lagun batekin. Orduak eta orduak ematen genituen pelikulak ikusten. Donostiarekin lotura handia dut. Askotan joaten naiz.

Eta Donostiatik Madrilera...
Arte Dramatikoko ikasketak egin nituen Madrilgo William Layton antzerki laborategian.  Ikasketak amaitzerakoan Madrilgo aktoreekin, komikoekin gehienbat, hasi nintzen lanean; gaueko lokaletan formato txikiko ikuskizunak mugitzen hasi ginen. Sasoi hartan antzerkia zen gertuen neukana. Aktore asko ezagutu nituen.  Pixkanaka zinemagintzara hurbiltzen hasi nintzen, lan desberdinak eginez. 1994an egin nuen lehen lana casting-zuzendari gisa, Santiago Aguilarrek eta Luis Guridik osaturiko tandemak zuzendu zuen “Justino, un asesino de la tercera edad” filmean.

Espainiako zinemagile ospetsuenekin egin duzu lan: Pedro Almodóvar (Todo sobre mi madre eta Hable con ella ). Isabel Coixet (A los que aman), David Trueba (La buena vida), Guillermo del Toro (El espinazo del diablo) edo Julio Medem (Los amantes del círculo polar, Lucía y el sexo eta Caótica Ana), besteak beste. Nola egiten da lan maila horretako jendearekin?
25 urte daramatzat mundu honetan eta oso ohituta nago. Askotan zinema oso idealizatuta dago. Alfonbra gorria eta hori guztia oso ondo dago, eta beharrezkoa da, baina azkenean pertsona kreatiboak, langileak eta oso ausartak dira.

Tanami Casting izeneko zure agentziaren bitartez telebista proiektu ugaritan ere parte hartu duzu...
Bai, esate baterako, La línea invisible, Velvet Colección, Tiempos de guerra, Refugiados, Gran Reserva, Gran Hotel, Amar es para siempre, Maitena, Estados alterados, La señora eta Hermanos & detectives. Gainera, 2004an El aire que respiro idatzi eta zuzendu nuen, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak katalogoan sartu zen film labur bat.

Egin duzun ibilbide luze horretan ba al dago nabarmentzea gustatuko litzaizukeen pertsonaren bat?
Denak dira garrantzitsuak eta beharrezkoak. Beti aipatzen dut nire lehen filma, “Justino, un asesino de la tercera edad”. Sari mordoa jaso zituen. Barakaldon bizi den Saturnino Garcia zen protagonista.

Zein da casting-zuzendariaren zeregina?
Zuzendariei filmean parte hartuko duten aktoreak lortzen laguntzen diegu. Horretarako gidoiaren azterlana egin behar da. Zuzendariekin asko hitz egiten dugu eta, hortik abiatuta,  pertsonaiaren profilera hurbiltzen diren aukerak sortzen goaz. Pertsonaien ezaugarrietara gehiago hurbiltzen diren aktoreak bilatu behar ditugu.

Nola egiten da aukeraketa hori?
Modu asko daude, eta proiektuaren araberakoa da. Batzuetan proiektuak  aukeratzen ditu protagonistak, eta beste guztiak bilatu behar dira. Askotan antzezle desberdinak probatzen dira, “audizioak” egiten dira pertsonaiekin zerikusi gehien dutenak aurkitzeko asmoz.  Aurrekontua xumea bada, lehen lerroan ez dauden aktoreek jauzia emateko aukera izan dezakete. Aktoreei jarraipena egiten diegu. Antzerkietan, interpretazio-eskoletan, agentzietan... Laburmetraietan egiten denari ere begiratzen diogu. Leku guztietan bilatzen ditugu.

Psikologiak laguntzen du castingak zuzentzen?
Psikologiak denerako balio du. Lengoaia piskologikoak zerikusi handia dauka interpretazioaren lengoaiarekin, sentimenduen eta emozioen munduarekin, hain zuzen.

CIMA emakume zinegileen elkarteko kidea zara. Zer da bilatzen duzuena?
CIMAn emakumeek egiten dugun lanari ikusgarritasun handiagoa eman nahi diogu. Gauza asko egiten dihardugu, esate baterako, emakumeek idatzitako gidoiak garatzeko laguntzak lortzen ari  gara.

Zer esango zenieke interpretazioaren munduan hastera doazenei?
Ibilbide artistiko eta kreatiboa dela. Beraz, fondoko lasterketa da. Normalean, fruituak lortzeko, ahalegin handia egin behar da. Gero, jakina da artearen munduan ia ezinezkoa dela soldata finko bat edukitzea. Kreatibitatearekin zerikusia daukaten lanak oso zailak eta ausartak dira. Asko gustatu behar zaizu zure energia guztiak hor jartzeko eta karrera artistikoak dakarren guztia bizitzeko.