‘Sorginak!’ erakusketa zabalduko dute barixakuan Portalean

‘Sorginak!’ erakusketa zabalduko dute barixakuan Portalean
2021/09/21 08:09
eta kitto!
Portaleak EmPoderArte AIMAren ‘Sorginak!’ erakusketa zabalduko du barixakuan, 19:00etan, eta urriaren 24ra arte egongo da zabalik (martitzenetik domekara 18:30etik 20:30era). EmPoderArte Emakume Artisten Nazioarteko Elkarteak Europan milaka emakumeren aurka egin zen genozidioa salatzen du erakusketa honetan. “Emakume haiek uko egin zioten sistema kapitalista-patriarkalaren aginduak jarraitzeari eta borroka egin zuten sendatzaile eta emagin gisa beren bizimodua defendatzearren. Historia horrek gaur egun ere oihartzun egiten jarraitzen du, emakumeen eta beren bizi-hautuen jazarpen sistematikoarekin”, diote antolatzaileek.

Aurkezpenean Nerea Ariznabarreta aktore eibartarrak hartuko du parte, ‘Sorginen kontuak’ izeneko performancearekin. Gainera, urriaren 7an, 19:00etan, bisita gidatua egingo da artistekin eta Estefania Ocampos, Esther Galarza eta Sara Beiztegi komisarioekin (izena emateko: berdintasuna@eibar.eus, 943 70 84 40; edo andretxea@eibar.eus, 943 54 39 38). Eta 24an, ordu berean, Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ musikari eibartarraren eskutik ‘Laino guztien gainetik’ izeneko saioa egingo da erakusketari amaiera emateko.