Sustraitik narrura, herriko sormenari omenaldia

Sustraitik narrura, herriko sormenari omenaldia
2017/11/17 eta kitto!
“Puztuta” irten zen Usua Anitua Eibarko Armagintza Museotik. Harro. Metro karratu gutxi batzuetan herriko historian zehar ibilbidea egiteko aukera izan zuen eta herrikideek aurrera egin nahian sortutako gailu, tresna, produktu eta, azken finean, herriko industriak sakonago ezagutu zituen. Geldirik geratzen ez den herria da Eibar, “sormena lantzeko joera daukagu”. Hortik abiatuta sortu du ‘Sormenaren sustraiak’, gaur egun herriaren ikur direnak sortzeko sormena izan dutenei gorazarrea, “gure industria berpizteko gai izan diren eibartarrei omenaldia”.

 

Erakusleiho bizi bat daukagu Calbeton kalean. Egunetik egunera eraldatzen ari den erakusleihoa, sormenaren eraginez eta sormenari omen eginez. Kokojaten arkitektura estudioan bere erakusleihoan ekimen bat garatzeko aukera eskaini zion Nestor Pérez Valenciagak Usua Anituari eta azken honek pentsatu zuen “polita izango zela gure herriko sormenaren sustraien inguruko lana egitea”.

Azaroaren 6an Kokojatenen leihoaren atzean jarri eta bere lanari ekin zion Usuak. Narrua lantzen du berak. Belarritakoak, bandolerak, motxilak, diru-zorroak, betaurrekoentzako zorroak eta abar egiten ditu eibartarrak, “denak narruzkoak”. Normalean naturari lotutako gaiekin apaintzen ditu bere lanak -“hostoak, zuhaitzak, algak...”-, baina ‘Sormenaren sustraiak’ proiektuan gure herriaren ikur diren industria eta produktuak izan ditu inspirazio.

Bederatzi poltsa egingo ditu bihar –azaroaren 18a- amaituko den proiektu honetan. Hasieratik amaieraraino bertatik pasatzen den edonorentzat ikusgai egon da sormen eta lanketa prozesua, kartulina beltzean egindako zirriborrotik narruzko poltsara. “Hasieran lau mural marraztu nituen. Lehenengoan kalea marraztu nuen, eta bizikleta eta Lambrettak azaltzen ziren bertan. Bigarrenean sukaldeko gauzak azaltzen dira, Solac-eko tresneria eta abar. Hirugarrenean bulegoko tresnak marraztu ditut, Casco-ko gailuekin. Eta laugarrenean tailerra izan da gaia, eta poltsak egiteko tresneria islatu dut bertan: errematxatzeko makina, bi puntako konpasa eta abar”. Mural horietatik irtengo dira Alfa josteko makinarekin jositako bederatzi poltsak eta dagoeneko jaso ditu poltsa horiek erosteko eskakizunak.

Lotsatia dela dio Usuak, baina gustora ibili da erakusleihoan lanean. “Nire munduan sartzen naiz eta ondo eramaten dut”. Kokojaten estudioaren aurretik pasatu den jendeak ere gustora hartu du proposamen berria, “jendea begira geratzen da”. Antzinako gauzak marraztea da horren arrazoia Usuaren iritziz. “Ene, nolako oroitzapenak”, esaten diotela azaldu digu. “Polita da hori ikustea”, aitortzen du sortzaileak.

 

Sormenaren bila

‘Sormenaren sustraiak’ proiektuan eredu moduan erabili dituena adibideak bezala, Usuak ere sormenaren bidea jarraitu du bere bizitzan. Farmazia ikasketak egin eta botikan egin du lan hainbat urtetan, “baina sormena behar nuen eta horren bila joateko utzi nuen”. Joan den urteko abenduan eskegi zuen amantal zuria eta narrua du orain esku artean.

Beti izan du eskulanak egiteko zaletasuna, “baina denbora-pasa moduan”, orain dela bi urte Bartzelonan zapatak egiteko ikastaroa egin arte. “Narrua ezagutu nuen han, gustatu zitzaidan eta hor hasi nuen nire bidea”. ‘Eskusutxo’ marka sortu zuen 2015ean sormenari itxura emateko asmoarekin, eta dagoeneko hasi da barrenean zeukan sormena irudikatzen eta bere produktuetan islatzen.

Etxean egiten du lan eta azpiegitura faltak zapatak egiten ez badio uzten ere, “poliki-poliki” aurrera egingo duela dio. Urrian ‘pop up’ denda jarri zuen Zuloagatarren kalean, egun gutxitan zabaltzen den saltokia, eta horrelako gehiago egiteko asmoa badu ere, interneten du denda iraunkorra (www.etsy.com/shop/Eskusutxodesign). Facebook eta Instagramen ere ikusgai ditu bere sorkuntzak, eta informazio gehiago jaso nahi izanez gero eskusutxo@gmail.com helbidera idatzi edo 676 792 144 telefonora deitu ahal diozue.